'Mi pequeño gran samurai' dokumentala aurkeztuko dute Mundakan
Ekai Lersundi gazte ondarrutarraren bizitza jasotzen duen dokumentala da eta barikuan [maiatzak 24] proiektatuko dute.
Ekai Lersundi gazte ondarrutarraren bizitza jasotzen duen Mi pequeño gran samurai dokumentala aurkeztuko dute barikuan [maiatzak 24], 18:00etan, Mundakako Tribisarrospe Kultur Etxean. 21 minutuko iraupena duen dokumentalean Ekai Lersundiren gurasoen testigantzak jaso dituzte, baita Naizen elkarteko eta Ondarroako hainbat bizilagunen testigantzak ere. Film laburraren zatirik handiena 2019ko otsailaren 15eko asteburuan grabatu zuten, Ekai hil eta urtebetera egindako omenaldian.
Estreinatu zutenetik hainbat sari jaso ditu hainbat zinema jaialditan, mundu osoan zehar. Zinegoak jaialdiko Publikoaren Saria irabazi zuen dokumentalak. Zintak Zaragozako Zinema Jaialdian LGTB kolektiboarekiko sentsibilitate handiena erakutsi duen film labur onenaren Zinentiendo saria jaso zuen baita Eurasia International Film Festivalen ere edota Alemaniako Perlen film jaialdiko bigarren saria lortu zuen. Hego Amerikara ere heldu da Ekai Lersundiren bizitza: Ekuadorreko El lugar sin limites Nazioarteko LGBT Zinema Jaialdian, esaterako, sail ofizialeko dokumental labur onenaren Max saria irabazi du.