"Euskal presoen aurkako arkitektura juridikoa" salatzeko mobilizazioa
Euskal presoen aferan, hainbat gaik larritzen die Sarekoei. Horiek azaldu, eta presoie babesa erakuste aldera, mobilizazioa antolatu dute biharko [maiatzak 24], 19:30ean, Merkurion.
Espainiako Gobernuaren eta Hego Euskal Herriko alderdi politikoen akordioei esker, azkenengo urteetan Espainiar Estatuan sakabantuta zeuden hainbat preso politiko ekarri dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeetara. Espainiatik “aurrera pausu” horiek nabarmentzen dituzten arren, Sarek “nahikoa ez direla” aldarrikatzen du. Hala, bihar [maiatzak 24], 19:30ean, Merkuriotik hasita egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Presoen aferan, bi gairen inguruko kritika adierazi dute: graduen progresioa, alde batetik, eta presoen gaia agenda politikotik baztertu dutela, bestetik. Graduen progresioari dagokionez, Audientzia Nazionaletik etengabe errekurtsoak jartzen dabiltzala salatu dute; “prozesuak etentzeko asmoarekin” jartzen dituzte errekurtsoak, eta atzean asmo politiko bat dagoela uste dute.
Azkenengo urteetan, batez ere gobernuak eraikitzeko eta aurrekontuak onartzeko negoziaketen garaietan, presoen gaia pil-pilean egon da. Azken aldian, ostera, agendatik kanpo geratu dela gaitzesten du Sarek. Oraindik etxeratzeko baldintzak betetzen ez dituzten 140 preso daudela gogoratu, eta horien egoerai heldu behar zaiola uste dute.
“Ez ditugu Hego Euskal Herrira hurbildu kartzelan egon ditzaten”. Hori aldarrikatzen du Sarek, eta konponbideak bilatzen eta aurrera pausuak ematen jarraitu behar dela azpimarratu dute. Gainera, kasuei helduta, gogoratu dute askatasuna lortzeko bidean “oztopoak baino ez dituztela aurkitzen”, eta horretan jarri nahi dute fokua. Aldarrikapenekin jarraituz, salbuespen baldintzak ezabatzea eskatzen dute. “Horrela, euskal preso askoren etxeratzea emango litzateke”, diote.
“Euskal presoen aurkako arkitektura juridikoaren” aurkako mobilizaziora hurbiltzea “oso garrantzitsua” dela uste dute. Orain dela urte batzuk mobilizatzeak zuen garrantziak “berdina” izaten jarraitzen duela aldarrikatu dute, eta presoei “babesa erakusteaz gain”, politikariei “presioa” sartu behar zaiela adierazi dute.