Ekaineko domekak bertso doinuz jantziko dituen sariketa
Laugarren Argi Baltza lehiaketa antolatu du Lilibertsok. Ekainaren 2an ospatuko da lehenengo saioa, eta ekainaren 22an egingo da finala, Muxikan.
Udarekin bat heltzen dira herri askotako jaiak. Eta jai horien eskutik etortzen dira hainbat bertso saio. Horietan kantatzen dutenak, gehienetan, puntako bertsolariak izaten dira; agendetan hutsune gutxi izaten dituzte finaletan ikusten diren bertsolariek. Gazteak, ordea, plaza baten zain ibiltzen dira, aukera noiz iritsiko zaien zain. Horiei jendaurrean bertsotan egiteko aukera eskainiko die, beste behin, Lilibertsok Jon Lopategiren omenez antolatzen duen Argi Baltza lehiaketak.
Lau saio izango ditu, hiru finaularreko eta final handia, eta ekainaren 2an ospatuko da aurreneko saioa. Gautegiz Arteagako Aretxederreta kultur etxean ospatuko da lehenengo saioa. Bigarrena, Ajangizko frontoian izango da, eta hirugarrena Mendatan –Zarrabentan–. Beste urte batez, finala Muxikan antolatu dute.
Urte bete pasata, berriz ere “indarrez” heltzen diote “ekaineko erronkari”. Datorren astean hasiko dena laugarren aldia bada ere, estreinakoz antolatu zuten lehiaketaren helburu berarekin antolatu dute. “Inguruotako gazte bertsolarien plazak bermatu eta, ahal den giro sanoenean, Busturialdeko bertso ekosistemara lehiaketa bat gehitzea bilatzen dugu”, azaldu dute antolatzaileek.
Sariketa antolatzerakoan, nor gonbidatu izaten da buruko min handienetako bat. Horretarako, Lilibertsokoek irizpide argi batzuk jarraitu dituzte. Lehenik eta behin, bertso eskolako taldekide gazteei aukera ematea lehenetsi dute; Asier Galarza, Beñat Bilbao, Eneko Aldana, Iker Uriarte, Janire Arrizabalaga eta Koldo Gezuragak parte hartuko dute. Ostean, bizkaitarrei aukera bat emateaz arduratu dira, izan ere, Gipuzkoan egiten baitira tankera horretako sariketa gehienak. Bukatzeko, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetara jo dute talentu bila.
Ixileko lana.
Sariketa bat antolatzeak lan, kezka eta ardura asko dakartza. Hori dela eta, Lilibertsokoek azpimarra berezia egin nahi izan die atzeko lanari. Kultur eragile zein aisialdi taldeek egiten duten inurri lana erdigunera ekartea da lilien nahia, “beronen nondik norakoak barrutik” bizi dituzten heinean.
“Sarritan izan dugu sentsazio bera: saioetara datorren lagun asko ez da horrelako ekimenak aurrera atarateak dakarren kargataz konturatzen. Udalakaz hartuemonak, datak lotzea, bertsolariekin kontaktua, kartelaren diseinua, gaien prestaketak, alor teknikoari iagokozan betebeharrak…”, aipatu dituzte besteak beste. Kulturaren eta euskararen aldeko militantzia modan ez dagoen garaietan, horren alde lan egiten duten jendea goraipatu nahi izan dute bertso eskolakoek. Horregaitik, prentsan edo ikuslegoan protagonismorik ez duten horiek aipatu nahi izan dituzte aurkezpen ekitaldian.
Sofatik, saiora.
Aldarrikapenak eta aipamenak egin ostean, jendea erakartzeko txanda iritsi da. Saioak domeka arratsaldeetan etxean ez geratzeko aitxakia direla aipatu dute, eta eskualdeari aletxo bat jartzera animatu dituzte Busturialdeko lagunak. Horrez gain, gogoratu dute Bermeo eta Gernikaz haratago doala Busturialdea. Sariketari izena ematen dion Lopategik “ulertzen” zuen bezala, “inguruko herri guztiek dute garrantzia geldirik ez dagoen Busturialde euskaldun bat eraikitzeko orduan”.