Zabalik dago Forua, Murueta eta Busturiko udalekuetan izena emateko epea
Uztailerako udalekuak antolatu dituzte hiru udalerrietan. Busturian izen emateko azken eguna maiatzaren 31 izango da, eta Foruan eta Muruetan, berriz, ekainaren 7an.
Busturiako, Muruetako eta Foruko Udalak ume eta gaztetxoentzako udalekuak antolatu dituzte beraien udalerrietan, eta izen emateak zabalik daude. Busturiaren kasuan Axi Ekitaldiak antolatuko du Urdaxi Kirol Klubak uda honetarako Busturian sortutako jarduera. Udalekuak 4 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta daude, eta bi txanda egongo dira, biak uztailean.
Lehenengo txanda uztailaren 1etik 12ra bitartekoa izango da, eta, bigarrena, berriz, uztailaren 15etik 30era artekoa; hala ere, aurreratu dutenez, uztailaren 22an eta 25ean jaiegunak izango dira. Parte hartzaileek bi ordutegi izango dituzte aukeran: 09:00etatik 14:00etara edo 10:00etatik 14:00etara, eta prezioa aukeratutako ordutegiaren araberakoa izango da: Busturian erroldatuta daudenek 70 edo 90 euro ordaindu beharko dituzte; erroldatuta ez daudenek berriz, 140 edo 160 euro. Modu berean, bi txandetan izena eman nahi dutenek 10 euroko beherapena izango dute. Azaldu dutenez, familia bereko neba-arrebek izena eman nahi badute, horiek ere deskontua izango dute.
Busturiko udalekuetarako izen emateko azken eguna maiatzaren 31a [barikua] izango da, eta galdetegi bat betez egin daiteke, Axi Ekitaldiaken web orrialdean. Adierazi dutenez, udalekuko jarduerak batez ere Busturian egingo dira, baina baliteke egun batzuetan beste udalerri batzuetara lekualdatzea, programatutako jardueren arabera.
Muruetan, bestalde, Udako Eskola uztailaren 1etik 30era artekoa izango da. 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, eta eguneko hiru ordu eta erdiko iraupena izango du, 10:00etatik 13:30era. Izen emateko azken eguna ekainaren 7a [barikua] izango da, eta horretarako galdetegi bat bete eta udaletxean entregatu edo udala@murueta.eus helbide elektronikoaren bitartez helarazi beharko da.
Oporretan ondo pasatzeko udako kaleko kanpamentua eta gazte campusa antolatu dituzte Foruan ere. Azaldu dutenez, uztailaren 1etik 26ra bitartean egingo dira, 9:30etik 13:30era bitartean. Kaleko kanpamentuan 2015 eta 2020 urteetan jaiotakoek hartuko dute parte — 4 eta 9 urte bitartekoak, biak barne —, eta gazte campusean berriz, 2010 eta 2014 bitartean jaiotakoek — 10-14 urte —.
Udalekuan umeak talde txikietan banatuta egongo direla aurreratu dute, segurtasun neurri guztiak bermatzeko helburuagaz. Izena eman nahi duenak bi aukera ezberdin ditu: batetik, goizetik Foruko udaletxera gerturatzea, eta bestetik, arratsaldez J.M. Torrealdai Kultur Etxea jotzea. Informazio gehiago nahi dutenek bi iturri horietara jo dezaketela azaldu dute. Era berean, izena emateko azken eguna ekainaren 7a [barikua] dela zehaztu dute.
Busturialdeko udalekuak. Urremendi Landa Garapen Elkartearen eskutik antolatutako udalekuak egongo dira Busturialdean; hau da, eskualdeko ume eta gazteak biltzea helburu duen udalekua. Kirola eta aisia uztartuko dituen programa da, uztailaren 1etik 12 bitartean gauzatuko dena.
Udalkuak eguneko lau orduko iraupena izango du, 10:00etatik 14:00etara, eta izen ematen duten gazteak autobusez joango dira egun bakoitzean dagokien udalerrira. Azaldu dutenez, egun bakoitzeko helmugaren arabera autosbusaren ordua aldatu egingo diren arren, hitzorduak 9:30ean edo 9:45ean izango dira.
Udalekuetan hainbat ekintza ezberdinetaz gozatuko dute; besteak beste, Stand Up Paddleagaz, kayakagaz, mendira egingo dituzten irteerekin eta ohe elastiko akuatikoekin gozatzeko aukera izango dute. Izena emateko azken eguna maiatzaren 24a [barikua] izango da, eta karteletan jarri duten QR kodearen bitartez galdetegia betez egin ahalko da.