Lander Aurrekoetxea, nagusi Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketan
Asteburuan Orion 29 arrain arrantzatu eta Euskadiko Txapelketa irabazi du Lander Aurrekoetxea bermeotarrak, lehenengoz. Emaitza horrekin, Espainiako Txapelketarako sailkatzea lortu du.
Bi jardunalditan banatuta, asteburuan lehiatu dute Euskadiko Urpeko Arrantza Txapelketa; lehenengoa Orio eta Zumaia artean izan zen, eta bigarrena berriz, Oriotik Igeldora bitartean. Bi egunetan “erregular” mantendu zen Lander Aurrekoetxea bermeotarra, eta guztira 54.770 puntu lortu eta 29 arrain arrantzatu ostean, bere lehen Euskadiko Txapelketa irabaztea lortu zuen Izaro Sub Clubeko urpekariak: “Egi bihurtutako ametsa da, niretzat asko suposatzen du”.
Zapatuan [maitzak 18] itsasoa bare bare egon zen, domekan, berriz, haizea altxatu zuen; hala ere, txapelketan parte hartu zuten 21 urpekariak “eroso” aritu ziren. Aurrekoetxeak astebete pasa eman du txapelketa prestatzen, eta gauzak nahi zuen bezala irten zaizkiolako “pozik” agertu da: “Euskadiko Txapelketa da, eta inguruko urpekari onenak gaude bertan”.
Izaro Sub Clubeko Jon Mikel Bikandi zazpigarren sailkatu zen, 41.235 puntugaz eta 21 arrain arrantzatuta; Irkus Lopez de Abetxuko bermeotarrak berriz, 16 arrain arrantzatu eta 32.345 puntu eskuratuta, hamabigarren postuan amaitu zuen txapelketa.
Espainiako Txapelketari begira. Euskadiko Txapelketan lehen bi postuetan sailkatu diren Aurrekoetxea eta David Tartanek ekainaren 15 eta 16an Gijonen (Asturias) egingo den Espainiako Urpeko Arrantza Txapelketarako txartela lortu dute. Aurrekoetxeak azaldu duenez, Espainiako Txapelketa Euskadikoa baino “askoz zailagoa” da, eta prestaketa handiagoa eskatzen du: “Egun batzuk lehenago joan beharko naiz, niri burua probatu, tokia ezagutu, arraina nondik dabilen ikusi eta txapelketaren ideia orokorra egiteko”.