Bertsoarekin eta euskerarekin jolasean
Gernika-Lumo eta inguruetako ikasleek bertsotan aritzeko duten gaitasuna plazaratu dute Lizeo Antzokian. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak inguruko ikastetxeetan garatu duen 'Mundu bat bertso' ekimenaren baitan antolatu dute saioa.
Ez dira Maialen Lujanbio, Onintza Enebita, Nerea Ibarzabal edo Amets Arzallus. Baina urte batzuk barru Nafarroa Arena, BEC edo Euskal Herriko edozein txoko jendez gainezka jarriko dituzten bertsolariak dira. Gaur [maiatzak 22], Lizeo Antzokian batu dira Gernika-Lumo eta inguruetako bertsolari gazteak Mundu bat bertso ekimenaren baitan Lilibertsok antolatzen duen bertso topaketan.
Bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza zabaltzea eta gazteen bertsoarekiko zaletasuna piztea du helburu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Gernika-Lumoko ikastetxeetan garatu duen ekimenak. Proiektu horren baitan, Seber Altubeko, Mertzedeko, Barrutiako, Barrutialdeko, San Fideleko eta Allende Salazarreko ikasleek ikasturtean zehar bertsoak garatzeko trebatu duten gaitasuna plazaratzeko aukera izan dute Lizeo Antzokian. Bi txandatan hurbildu dira Lizeo Antzokira: 09:30ean eta 11:30ean.
Ander Elortegik eta Idoia Anzorandiak gidatutako saioari hasiera emateaz arduratu dira Igor Galarza eta Iruri Altzerreka bertsolariak. Goiza bertso artean pasatzeko asmoa erakutsita, eta gazteak bertsotan egitera animatu ostean, Mikel Inuntziagak hankaz gora jarri du antzokia. Ama begira zazu, Ai Zapotxin! eta Ikusi nuenean abestuz jarri ditu bertaratutako gaztetxoak, eta hasierako lo aurpegiak desagertaraztea lortu du.
Gauzak horrela, ikasleen erakustaldiari ekiteko unea iritsi da, eta Barrutialdekoak izan dira estreinakoak. Ai zapotxin!en letraren antzera, hauek ere ikasteaz kexatu dira: gure irakasleek/ ez dute umorerik/ eta klasean sartzean/ txapa bota ahotik edota arratsalde guztian/ etxean ikasten/ eskolara heltzean/ txuletak prestatzen bezalakoa bota dituzte.
Mertzedekoek, ordea, udako oporretara jo dute. Denek desiatzen duten urtaroa heltzeko dituzten gogoak plazaratu dituzte, eta lagunekin Lagara eta Elantxobera joango direla azaldu dute. Lehenengo ikastetxeek bertsoak bota ostean, berriz oltzaratu dira Galarza eta Altzerreka. Oraingoan, Seber Altubeko behin-behineko taldekoābertso eskoletan dabiltzan gazte taldekoā bertsolariek proposatu dizkiete gaiak. Ofizio lanetan eta oinak emanda bota behar izan dituzte bertsoak.
Jolasean.
Barrutikoak jolaserako gogoz iritsi dira. Hitz ezkutua jolasa proposatu dute, eta lau gai asmatzeko bertsoak kantatu dituzte; pilota, haserrea, izozkia eta euskara izan dira ezkutatutako gaiak. Barrutikoen antzera jarraitu du Inuntziagak ere, beste abesti batzukin igo baita eszenatokira: Markosek egin eban, Mundu bat bertso eta Zurekin batera abestu ditu ikasleekin batera.
Seber Altubekoak falta ziren eguneko lehenengo txandan abesteaz, eta bi klasetan banatu dira ikastolakoak. Lehenengoek, munduko janari desberdinen inguruan kantatu dute, eta kroketak edo patata arrautzopila aipatu ostean, zertarako ibili/ munduan barrena/ Euskal Herrian dugu/ jateko onena hausnarketarekin bukatu dute sormen ariketa. Beste ikasgelakoek munduaren egoeraz hausnartu dute eta mundu petral hau txarrerantz doala ondorioztatu dute.
Saioan zehar sorturtako giro ederra mantentzeaz, eta goiko kotan agurtzeaz arduratu da gaurkoan umeen erreferente bihurtu den Inuntziaga.Ā Ixil-ixilik dago eta Kalian gora abestiekin dantzan jarri ditu ikasleak. Lilibertsokoak “oso pozik” geratu dira saioarekin eta ikasleen jarrera ona eskertu dute.