Atletismoa ezagutzeko olinpiadak, Bermeon
Gaur [maiatzak 22] da eskoletan Atletismoko Haur Olinpiadetan izena emateko azken eguna. Parte hartzaileek hainbat proba ezberdin egin beharko dituzte.
Umeek atletismoa ezagutu eta lagunekin batera kirolaz gozatzeko helburuagaz, Bermeoko Udalak eta Taraska Atletismo Taldeak Atletismoko Haur Olinpiadak antolatu dituzte, domekan [maiatzak 26]. Jardunaldi horretan Bermeoko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartu ahal izango dute, eta gaur da [maiatzak 22] eskoletan izena emateko azken eguna.
2019an egin ziren azkenenegoz olinpiadak, eta orduan 49 umek parte hartu zuten. Aurten, dagoeneko 104 ume dira izena eman dutenak. Parte hartzaileak 10:00etan bilduko dira Artza frontoian, eta bi orduz, hainbat proba eta diziplina probatzeko aukera izango dute: vortex jaurtiketa, luzera jauzia, korrika lasterketa eta korrika lasterketa oztopoekin, besteak beste. Olinpiadetan izena eman dutenek eskolan jaso beharko dute domekarako behar duten dortsala.