Mundakako Elikagaien Bankuan izena eman dezakete herritarrek
Eskaria egiteko, dokumentazio jakin bat aurkeztu beharko da, eta eskatzaileen egoeren balorazioa egingo du udalak. Ekainaren 16a arteko epea dago, eskaria egiteko.
Mundakako Udalak, Eroskigaz elkarlanean, Elikagaien Bankua abiatu du Mundakan. Maiatzaren 16an ekin zioten proiektuari, egungo Elikagaien Bankuak “beharrizan guztia asebtetzen ez zituela” detektatu ondoren. Behar ekonomikoak dituzten herritarrei alternatiba bat eman asmoz, udal ordezkariek diru sail bi bideratu dituzte helburu horretara. Guztira, 2024rako 22.000 euro zuzenduko dituztela aurreratu du Begoña Baskaran udaleko Herritartasun eta Berdintasun zinegotziak. Baskaranek berak argitu duenaren arabera, udalarentzat “oso garrantzitsua” da proiektua herritarren esku ipintzea.
Eskakizun orri bat beharrezko datuekin beteta eta eskatzaileen beharren analisia egin ostean, bankuko elikagaiak erosteko diru txartela jasotzeko aukera edukiko lukete herritarrek, herriko Eroski dendan produktu jakin batzuk erostera bideratua. “Mundakako udal gobernu taldeak oso argi du lehen eta azken helburua herritarrak eurak direla eta, era berean, herritarrek merezi dutela diru hori beren baitan eta udalerrian bertan berrinbertitzea“, azaldu du Baskararen. Horrez gain, “eskerrik beroenak” eman gura izan dizkie udal gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Herritar Alternatiba alderdietako ordezkari politikoei, Sorne Rubio alkateari eta Mikel Bilbao alkateordeari: “Beren borondatez eroan dute aurrera egitasmoa, eta bere bideragarritasuna ahalbidetu dute”.
Ekainaren 16ra arteko epea.
Elikagaien Bankurako izena eman gura duten herritarrek Mundakako udaletxean edota udalaren web orrialdean egin dezakete; bertan topatuko dute bete beharreko dokumentazioa. Izena emateko epemugari dagokionez, ekainaren 16ra bitartekoa izango dela iragarri dute. Bestalde, aurreratu dute egoera jakin batzuetan dauden herritarrek edota familia unitateek lehentasuna edukiko dutela. Holakoak dira aipatutako horiek: bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako herritarrak, guraso bakarreko familia unitateak, indarkeriaren biktima diren emakumeak eta gizartean baztertzeko arriskua pairatzen duten norbanakoak.