II. Berdintasun Plana herritarrei plazaratu diete
Mundakako II. Berdintasun Plana aurretiaz zegoenaren jarraipen eguneratua da. Gaur-gaurkoz, kontraste fasean dago, baina aurten amaituta edukitzea aurreikusten dute udaletik.
II. Berdintasun Plana bidean dago Mundakan: dagoeneko, kontraste fasean dago 2024-2027 urte arteko indarraldia edukiko duen plana, eta orain arteko urrats guztiak herritarrei azaldu gura izan dizkiete udal ordezkariek. Berdintasun Plan hori 2018-2024 urteen artean indarrean egondakoaren ondorioa da. Funtsean, berdintasunean oinarrituta jarduteko ekintza moldagarrien multzoa da, herrian parekidetasuna eta genero arteko berdintasuna egon daitezen diseinatua. 2023. urtean erabaki zuten 2018ko plana “eguneratu beharra” zegoela; eguneraketa horretan oinarrituta dago 2024ko eredua.
Planaren diagnostikoa egin eta osteko diagnostikoa zirriborrotu ondoren, Mundakako herritarrak, eragileak eta udala zirriborro hori kontrastatzen ari dira. Planaren sorreran eta garapenean diharduen aholkularitza enpresatik adierazi dutenaren arabera, udalerriko eragileetako 14 emakumezko eta 4 gizonezko aritu dira elkarrizketetan oinarrituriko prozesu parte hartzailean. I. Berdintasun Planaren balorazioa “ona” den arren, sustatzaileek adierazi dute “hobegarria” dela. Hobetzeko asmo horri tiraka, lau ardatzetan oinarritutako eta 48 ekintza desberdinek osaturiko plana izango da aurten aurkeztuko dutena. Lau zutabeak honakoak dira: udal gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomia eta antoakuntza eraldatzea, eta, azkenik, biolentzia matxista saihestea.
Udaletxe barrura eta bertako langileen sentsibilizazioa lantzera emana dago planaren lehen atala
Udal langile zein ordezkariei eragingo die lau ataletako lehendabizikoak. Horren azalpena argi eta garbi utzi nahi izan dute: “Etxea barrutik hasi behar gara garbitzen, kanpoaldera begiratu orduko”. Udal gobernu ona atalaren barruan, bost ertz oinarri hartuko dituen programazioa jarraituko dute: “Batetik, berdintasunezko politikak garatzeko baliabideak eta udal politikak bultzatu behar dira. Bestetik, formakuntza planak egin behar dira, udalean beharrean diharduten langileentzat. Horrez gain, berdintasunean oinarritutako elkarguneak bilatu behar dira. Horiekin batera, guztiz beharrezkoa izango da aipatutako hiru zutabeok behin eta berriro ebaluatzea eta horien hurreko jarraipena egitea”.
Biolentzia matxista saihesteko, planak prebentzia, sentsibilizazioa eta erreparazioa landuko ditu
Emakumeen ahalduntzea atala zutabe biren gainean eraikiko dute: “Emakumezkoen ahalduntze pertsonal eta kolektiboa uztartzea, eta emakumeek egindako ekarpenak aitortzea, horien ikusgarritasuna sustatzeagaz batera; enfasi berezia izango dute sozialki gutxituak diren kolektiboak, hala nola, emakumezko arrazializatuek”. Ekonomia eta gizarte antolakuntza eraldatzea izeneko atalak herritarren sentsibilizazioa “adin tarte guztietan” lantzea bilatuko du: “Horregaz, zaintzaren balioa aintzatestea ere bilatuko dute jardueretako zenbaitek, baita herriko jaiak ahalik eta berdinzaleenak izatea ere”. Biolentzia matxista aurkako jarduera sorta barnebiltzen duen saila hiru kontzepturen inguruan lerrokatuko da: prebentzioa, sentsibilizazioa eta erreparazioa. Prebentzio neurrien barruan, esate baterako, Mundakako egungo “puntu ez seguruak” bistaratzeko herri azterketa egingo dute; sentsibilizazioa lantzeko, adibidez, udaltzainei formakuntza emango diete.
“Mundakarrek eskaera, iruzkin edota iradokizun pila bat egin dute, horrek erakusten du beraien udalerriarekiko kezkak eta ardurak dituztela”
Herritarren parte hartzeaz.
2024a amaitu orduko guztiz borobilduta eta Mundakako Udaleko osoko bilkuran modu ofizialean aurkeztuta egongo den arren, mundakarrak oraindik sasoiz dabiltza beren iradokizunak egiteko, “denak baitira beharrezko udalerri berdinzaleago baten bilaketan”. Beste alde batetik, bai udaletik, bai aholkularitza enpresatik nabarmendu dute planaren orain arteko balorazioa “oso positiboa” dela: “Mundakarrek eskaera, iruzkin edota iradokizun pila bat egin dute, horrek erakusten du beraien udalerriarekiko kezkak eta ardurak dituztela eta, era berean, horien lanketan aktiboki parte hartzeko borondatea dutela”.