Ruth Torre medikua Ibarrangelu eta Elantxobera itzultzea eskatu dute
Ibarrangeluko eta Elantxobeko Ruthen Aldeko Platafoma deituta, 100 herritar inguru elkartu ziren atzo Ibarrangelun, "desertuta" geratu den bi herrietako mediku lanpostura Torre itzultzeko eskatzeko.
Ibarrangeluko eta Elantxobeko mediku lanpostua betetzeko lekualdatze prozesua joan den urtean hasi eta maiatzean amaitu da, eta ez eztabaidarik barik. Izan ere, bi herrietako medikua zen Ruth Torre lekualdatu zuen Osakidetzak martxoan, herritarren kontrako jarreragaz. Orain, baina, Osakidetzaren lekualdatze prozedura amaitu ostean, desertuta geratu da lanpostu hori. Hori dela eta, bi herrietako 100 pertsona inguruk elkarretaratzea egin zuen atzo (maiatzak 19) Ibarrangelun, Osakidetzako zuzendaritzari eskatzeko lanpostu horretan zegoen Torre medikuari eta Elantxobeko eta Ibarrangeluko alkateei “emandako hitza” betetzeko.
Izan ere, udal ordezkariek jakinarazi dute, lekualdatze prozeduraren baitan, lanpostu horretara “inor aurkeztuko ez balitz”, Osakidetzako zuzendaritzak Torre bueltatzeko “ahalegina” egingo zuela hitz eman ziela: “Plazara inor aurkeztu ezean, Torre bueltatzeko ahalegin guztia egingo zuela agindu zuen Osakidetzak, mugikortasun definitiboaren bidez”.
Ibarrangeluko eta Elantxobeko Ruthen Aldeko Platafoma deituta egin zuten elkarretaratzea Ibarrangelun, baina horrez gain, asanblada informatiboa egin eta lehen arretaren aldeko eztabaida zabaldu zuten. Izan ere, gaiak zeresana eragin du bi herrietan, aurreko hilabeteetan Torre bertan geratzeko eskatzeko elkarretaratze jendetsuak egin baitzituzten, baita sinadura bilketa bat abiatu ere, 4oo sinadura jasoz. “Herritarren babes osoa jaso zuen medikuak, eta pena handiz alde egin behar izan zuen Galdakaoko lanpostura, iaz zabaldu zen lekualdatze prozedura erabaki arte. Hori eskatu zuten Osakidetzako zuzendaritzatik. Hori bai, prozedura horren ondoren, inork lanpostu hori eskatzen ez bazuen, Torre berriro bueltatu ahal izango zela esan zuen Osakidetzako zuzendaritzak”, azaldu dute plataformakoek.
Orain, prozedura amaituta, baldintza hori eman da: maiatzaren bigarren astean ebazpena atera zen, eta inork ez zuen lanpostu hori betetzeko eskatu. Hala, Osakidetzari emandako hitza betetzeko eskatzeko elkartu ziren domekan herritarrak, elkarretaratze jendetsuan. “Gogoratu behar da lekualdaketa eskatzeko baldintza oposizioa gaindituta izatea zela, baina Torreri aurten jakinarazi diote 2019ko oposizioa ganditu zuela. Hori dela eta, ezin izan zuen bere burua aurkeztu iaz kaleratu zen lekualdatze prozedurara”, jakinarazi dute.
Torrek, bitartean, bi urte pasatu ditu Elantxoben eta Ibarrangelun lehen arretako mediku lanpostuan, eta barne aldi baterako mugikortasunaren bidez bertan gelditzeko eskatu zuen, lekualdaketa prozedura ebatzi bitartean. “Hasiera batean Osakidetzako Zuzendaritzak onartu egin zion aldi baterako mugikortasuna, bai telefonoz, bai helbide elektronikoz, baina behin oposizioko lanpostuen adjudikazioa egindakoan, lehenbailehen Galdakao-Usansoloko osasun zentrora joateko agindu zioten, eta martxoaren 14an hasi zen bere lantoki berrian beharrean”.
Gero, herritarren kontzentrazioen ondorioz, maiatzean edo ekainean bueltatu ahal izango zela jakinarazi zioten, baldin eta lanpostu hori hutsik geratuko balitz. Horrela geratu da, eta herritarrek Torreren eskubideak “errespetatzeko” eskatu dute, “medikuaren desioak kontutan hartuz eta lehen arretako zerbitzuaren kalitatea eta egonkortasuna bermatzeko helburuz”. Herritarrek gehitu dute Elantxoben eta Ibarrangelun azken urteetan egon den “mediku joan-etorria” kontutan izanik, bi udalerrietako herritarrek Torre bueltatzea nahi dutela: “Lekualdatze Lehiaketa ebatzi ondoren, Torre bere lanera itzultzea nahi dugu, bi herrietako medikua izateko, Osakidetzako zuzendaritzak martxoan agindu zuen legez”.