Ajangizko plaza, jendez gainezka
Maiatzaren 5ean hasi zituzten Ajangizko jaiak, eta dagoeneko ospatu dituzte ekimen gehienak. Orain arteko balorazioa «oso ona» izan da, eta aurton lehenengoz antolatutako ekintzak geratzeko datozela aurreratu dute.
Azalerari erreparatuz, herri txikia dela esan daiteke Ajangiz. Jaietako egitarauari begirada bat eman ostean, aldiz, herri handien eta mailakoen artean sailkatu beharra dago. Luzeaz gain, maila handiko egitaraua prestatu baitute aurton ere Ajangizko Udalak eta herritarrek.
Aurtongoan, Esku Pilota Txapleketako finalekin, eta estreinakoz ospatu duten Artisau Azokarekin hasi dituzte herriko jaiak. Giro “ona” sortu zen herriko plazan, eta “pozik” geratu dira sortutako giroarekin.
Aurton ere ez da Errenteriko zubitik hasten duten Saragi igoera falta izan. Kotxe tropelak hartu zituen Ajangizerainoko errepideak, eta klaxon zaratak eta bengala koloreak arduratu ziren jai giroa herrira eramateaz. Goian, Mendietako Plazan, herriko neskek dantzan eman zieten ongi etorria jaiei.
Ajangizko kontzertu gaua jendetsaren sinonimo izaten da, eta aurton ere ez du hutsik egin. Herriko plaza jendez lepo jarri zuten musika taldeek, eta egunsentiak harrapatu zituen hainbat lagun.
Mus eta Briska txapelketak ere ez dira falta izan. Aurton, gainera, gaztez osatutako bikote batzuek parte hartu dute, eta horrekin «pozik» geratu dira antolatzaileak. Baita, lehenengoz ospatu den, eta herritarrek ospatu zuten lehenengo frontenis txapelketarekin ere.
Jaien egitarauean bere tokia ziurtatuta izaten du Sukalki Txapelketak. Aurtongoan, sei izan dira aurkeztutako kazolak, eta ehun lagun inguru batu dira herri bazkarian. Bazkarian tripak beteta, eguna luzatu zitzaien: 21:00ak arte izan zuten musika.
Ohiturak mantendu dituzte. Baita berritasunak ekarri ere. Aurton, Eukalyptus antzezpena izan da elizan, eta 70 ikusle hurbildu ziren. Antolatzaileei «asko gustatu» zitzaien, eta etorkizunerako mantentzeko asmoa duten ekimen bat dela aurreratu dute.
Eta oraindik ez dira zereginak bukatu. Domekan honetan [maiatzak 21], XV. Mugari Bira egingo da, eta herritarrak rpestakuntza lanetan dabiltza asteon: bidea markatzen eta garbitzen dabiltza. Iazko ibilbide berdina izango du mendi martxak, eta aurton ere jende asko animatzea espero dute.