Tokiko gastronomia, ondarea, kultura eta nortasuna eskutik eskura
XXX. Arrain Azoka tokiko produktuen erakusleiho bihurtuko da gaurtik domekara bitartean. Lameran kokatutako hamazortzi postuek ordutegi jarraitua izango dute.
Bermeoko ekitaldi garrantzitsuenetakoa den Arrain Azokaren 30. urteurrena da aurtengoa, eta antolatzaileek hori ospatzeko, denboran jauzi egitea aukeratu dute, “sustraietara buelta eginda”. Beste urte batez, hegaluzea izango da azokako protagonista, eta bertaratzen direnek horri lotutakoak ikusi, ikasi, dastatu eta erosteko aukera izango dute, tokiko ekoizleek tokiko produktuak eskainiko baitituzte.
Arrain Azoka udalerriko produktuen, kulturaren eta nortasunaren «erakusleiho onena» da. Izan ere, “herriko kontserbak eta itsasoarekin estuki lotutako ondarea” erakusteko aukera eskaintzen du. “Arrain Azoka Bermeoko kulturaren eta ekonomiaren aldeko apustua da”, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkarearen hitzetan.
Iaz hartutako erabakiari eutsita, aurten ere ordutegi jarraitua izango du azokak: gaur 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik eta bihar, 11:00etatik 21:00etara. Domekan, ordea, 11:00etatik 15:00etara egongo da zabalik.
Aurten hamazortzi erakustoki hartuko ditu Lamerak, elikagai asko eta askotarikoez beteak denak. Izan ere, horietan kontserba-enpresek zein sektoreko beste enpresek eta hainbat erakundek beraien produktuak eskainiko dituzte, arrantzaren munduari lotutakoak guztiak.
Arrantzaren mundua gertutik ezagutzeko aukera ere eskainiko du azokak, gaurtik domekara bitartean Arrantzaleen Museora doan sartzeko aukera egongo baita. Gainera, belaontzietan irteera laburrak egiteko, Ortube atunontzia ikusteko bisita gidatuaz gozatzeko eta Izaro ikusteko Taho ontzietan irteerak egiteko aukera ere egongo da.
Berritasunak ere ekarriko ditu 30. Arrain Azokak. Esaterako, Bermeo Tuna World Capital elkarteak jasangarritasun bermatzen duen “bertoko atunarekin pintxo bereziak” jarriko ditu herritarren eskura, 2 euroren truke. Modu horretara, “atuna modu askotara prestatu daitekeela” erakutsi nahi dute. Era berean, Kostako enpresak XX. mendeko Bermeoko portuko flotaren istorio grafiko laburra aurkeztuko du, gaur, Jesus Urkidiren eskutik. Horrez gain, abarketa modelo berrien aurkezpena ere egingo dute, gune gastronomikoan.
Elkartasunerako gunea.
Bermeoko Arrain Azoka «solidarioa ere bada», horregatik, aurten ere ez da faltako elkartasunerako gunerik azokan. Berrikuntzekin dator hori ere, aurten Lameran kokatuta egongo baita, postuekin batera. Herriko talde ezberdinetako boluntarioei esker, Gune Solidarioan hegaluzea dastatzeko aukera izango dute hurreratzen direnek, bai marmitakoan, bai erreta. Aurten ere, Elkartasun Gunean lortzen duten dirua Osakidetzak estaltzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko dute.
“Jai giro paregabea” espero dute antolatzaileek eta herriko kirol eta kultur taldeen inplikazioa eskertu dute: “Fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, erraldoiak, pilota partiduak… izango ditugu herriko giroa alaitzeko”.
Herria “garbi mantentzeko eta ingurumenarekiko arduratsuak izateko” asmoz, udal ordezkariek erosketak egiteko asmoa dutenei beraien poltsak eramateko eta sasatarrontziak erabiltzeko eskaera egin diete. Modu berean, sukaldatutako jakiak etxera eramateko asmoa dutenek ontziak etxetik eraman beharko dituzte.