Itsasoa herriratzen eta herria itsasoratzen duen azoka, abian
Abian da Bermeoko 32. Arrain Azoka. Gaur [maiatzak 17] egin dute azokagunearen inaugurazio ekitaldia. Bego Gangoitik Hegaluze Saria jaso du. Asteburu osoan, egitarau oparoa egongo da Bermeon.
Urteko astebururik berezienetako bat ailegatu zaie bermeotarrei: 30. Arrain Azoka iritsi da. Beste urte batez, Bermeo eta, batez ere, Lamera ingurua aisialdi, kultur eta herrigintza eremu bihurtuko da gaurtik [maiatzak 17] domekara [maiatzak 19] bitartean. Ohiko legez, denetariko jarduerak edukiko ditu aurtengo Arrain Azokak, azokagunea bera epizentro delarik: sukaldaritza tailerrak, dastaketak, esku pilota partiduak, estropadak, aurkezpenak, eta abar luze bat. Gaur eguerdian egin dute aurtengo ekitaldiaren inaugurazioa, bertan egon dira eskualdeko nahiz Euskal Herriko ordezkari politiko eta sozialak, enpresenak zein herri mailako eragileenak. Inaugurazioagaz, gainera, modu ofizialean eman diote aurtengo Hegaluze Saria Bego Gangoitiri.Ā
Nadia Nemeh: “Nork esango zuen orain hamarkada batzuk emakumeak baporeetako patroi edota enpresetako zuzendari izango liratekeenik? Bada, hori errealitatea da jadanik”
Hunkidurarako ekitaldia izan da azokako gune zentralekoa: berezia, herrikoia, solidarioa. Izan ere, azokan jo eta su lanean ari direnen ekina omendu gura izan dute, bereziki, kozinatzen dabiltzanena; hain zuzen, aurtengo hobari ekonomiko guztia Bermeoko ume gaixoen tratamendua ordaintzeko baliatuko dute. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak azokaren “osasun ederra” nabarmendu du: “Azoka nagusitu egin da, heldu, baina oso osasuntsu dago; Arrain Azokak asko du balioen transmisiotik, eta bere inguruan emandako belaunaldi txandapasa horren erakusle da”. Era berean, emakumezkoek itsas munduan izandako garapena azpimarratu du alkateak: “Nork esango zuen orain hamarkada batzuk emakumeak baporeetako patroi edota enpresetako zuzendari izango liratekeenik? Bada, hori errealitatea da jadanik. Horren bestaldean, baina, txarto pasatzen ari diren beharginez ere oroitu behar gara, batik bat, emakumezkoez; langileok geure babes osoa dute”.
Nemehk sasoi bateko Bermeoko portuko itsasontzien kolore aniztasuna marinelen koloreagaz lotu gura izan ditu: “Kolorea aberastasuna bada, kolore guztietako itsas langileak, izan zaitezte ondo etorriak geure herrira, geure itsasoa kolorez janzten baituzue”. Ez hori bakarrik: itsasoagaz erlazionaturiko beste portu guzti guztiak ere ahotan eduki ditu alkateak, “egin amets, Palestina“, aldarri eginez. Zuri guztiak ez dira irinak, ezta beltz guztiak ikatzak. Izan ere, behin ametsak aipatuta, asteon bermeotarrek pairatutako amesgaiztoa ere taularatu baitu Nemehk: “Aste honetan sutea eduki duguĀ Bermeon; kalte materialak baino jasan ez ditugun arren, herritarrek jarrera txundigarria eduki dute beste behin”.
Bego Gangoiti: “Hala azokaren sorreran, nola urtez urteko garapenean, berba bat nabarmendu da: konfiantza”
Bakarrik egiterik ez.
Hegaluze Saria hartu orduko, esker oneko bideo bat jaso du Gangoitik. Ikus-entzunezko horretan, hainbat lagun, ezagun nahiz herrikideren artean, Nemehren eta Bermeoko hiru alkate ohiren eskertza hartu du: Juan Carlos Goienetxearena, Idurre Bidegurenena eta Aritz Abaroarena. Jarraian ailegatu da ekitaldia bere gailurrera: Gangoitiren oholtzaratzea. 1992. urtea gogoratu du saridunak, hau da, Arrain Azokaren sorrera aldia. “Hala azokaren sorreran, nola urtez urteko garapenean, berba bat nabarmendu da: konfiantza. Konfiantza jaso dut udal ordezkarien, arrantza sektoreko langileen eta herritar eragileen aldetik. Konfiantza horregaz, guztiok ekarpenak egin ditugu, eta azoka horren guztiorren emaitza da. Arrain Azoka jende ugarik osatutako taldelanaren emaitza da”.