Goizale mendi taldeak 50. urteurreneko jaia ospatuko du
Urteurrena iaz izan arren, aurten egitea erabaki dute. Bihar [maiatzak 17] Astra elkargune bat izatea nahi dute.
Goizale mendi taldeak iaz 50 urte bete zituen, baina ezin izan ziren kide eta lagun guztiak behar bezala elkartu. Hori egingo dute gaur 19:00etatik aurrera 50. urteurreneko jaialdian, Astran. “Goizale mendi taldearen kide eta lagunen elkargune bat izatea nahi dugu, azken 50 urteetan bezala, jende desberdinarentzako elkargunea”, adierazi dute.
Horregatik, azken 50 urteetako argazkiak erakutsiko dituzte, hamaika irteera, bazkari, ibilaldi edota proiekzio antolatu dituzte ordutik. Argazki emanaldiak 45 minutu inguru irautea aurreikusten dute. Gero, jan-edana izango dute bertaratzen diren guztiek, orain arte 100 lagunek baiezkoa eman dute. Jaialdiari amaiera emateko, DJ Koetek musika jarriko du.
Goizale mendi elkartea “irekia” dela nabarmendu dute eta horregatik bertaratzeko deia egin dute. Era berean, antolatzen dituzten ibilaldietan parte hartzeko gonbidapena zabaldu dute. Gaur egun hilero hirugarren asteburuan Euskal Herriko txokoren batera irteera egiten dute. Horrez gain, beste talde batek, nagusiagoek, hileko bigarren zapatuan ibilaldia egiten dute eta bazkariagaz amaitzen dute.
“Orain edozein joan daiteke mendira mobilean aurkitzen duten informazioagaz eta gazteek ez dute behar mendi talde baten parte izatea. Gizartea asko aldatu da eta ez diogu irtenbide errezik ikusten. Ez dute laguntasun hori behar”. Horrenbestez, haien erronkarik handiena belaunaldi txandakatze hori lortzea dela diote. “Lehen bi autobus betetzen genituenean orain bakarra betetzen dugu eta gutxieneko 15 pertsonen muga jarri dugu irteera bat antolatzeko, bestela ekonomiko ez delako errentagarria”.