Gizon bat atxilotu dute Gernika-Lumon, droga trafikoaren delitua leporatuta
350 gramo kokaina zituen poltsa bat, ketamina kopuru txiki bat eta marihuana kukuluak zituzten bost poltsa aurkitu dituzte.
Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo[maiatzak 15] Gernika-Lumon, droga trafikoaren delitua leporatuta. Arratsaldean abiatu zuten drogaren aurkako operatiboa, eta Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, ostalaraitza establezimendu bateko arduraduna da atxilotutakoa.
Arratsaldean zehar atxilotuaren tabernan eta etxebizitzan sartu eta miaketa egin zutenean, 350 gramo kokaina zituen poltsa bat, ketamina kopuru txiki bat eta marihuana kukuluak zituzten bost poltsa aurkitu zituzten.
“Operatiboaz arduratu ziren polizia baliabideek susmo sendoa zuten lokalean substantzia sorgorgarriak saltzen eta banatzen zirela, eta inguruko kontsumitzaileak droga erostera hurbiltzen zirela. Bertan kontsumitzea ere baimenduta zegoela sumatzen zuten”, zabaldu du Ertzaintzak.
Argitu dutenez, atxilotua datozen orduotan jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.