Bermeoko EAJ ez dago ados San Juan gaueko ospakizuna lekualdatzeagaz
EH Bildu eta Guzanek osatutako udal gobernuak Alde Zaharretik Lamerara eramango du San Juan ospakizuna. Jeltzaleen ustez, jai hori "guztiz errotuta" dago Alde Zaharrean, eta bertan mantentzeko eskatu dute.
Bermeoko udal gobernuak San Juan gaueko ospakizunak Alde Zaharretik Lamerara lekualdatzea erabaki du, segurtasuna bermatzeko asmoz. EAJk erabaki horrekiko desadostasuna berretsi du, eta udal gobernuak hartutakoa “alde bakarreko erabakia” dela salatu du: “Erabakia hartuta dagoela sare sozialen bidez jakin dugu”.
Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, EH Bildu eta Guzaneko ordezkariek erabakia hartu gabe zegoela eta herritarrak batzordean aukera baloratzen ari direla esan zien “orain hilabete eskas”. Batzordean bertan adierazi zuen lehenengoz EAJk aldaketarekin desadostasuna, eta orain, erabakia behin betikikoa izanik, desadostasun hori berretsi du.
San Juan gaua Alde Zaharrean “erreferentziazko ekimena” bihurtu dela adierazi dute EAJko ordezkariek, ospakizunak herritarrak biltzeko gaitasuna duelako: “Jai-ospakizun hau guztiz errotuta dago alde zaharrean eta gure herri-nortasunean”. Era berean, ospakizuna ohiko lekuan mantentzeko aukerak badaudela adierazi dute, beti ere “segurtasun neurri bereziak hartuz eta bermatuz”. Udal gobernuak leku aldaketari alternatibak bilatzeko “ia urtebete” izan duela nabarmendu dute jeltzaleek.
Jeltzaleen esanetan, “udal gobernuari ahoa betetzen zaio Alde Zaharrari buruz hitz egitean, baina erabaki honek argi erakusten du ez duela helburu horretan sinisten”. Hala, EAJk bat egin du bertako bizilagun, merkatari eta ostalariak egindako eskaerarekin, eta erabakia birplanteatzeko eskatu diote udal gobernuari: “Jai-ospakizun hau Alde Zaharrean ospatu daitela dagozkion segurtasun neurriak bermatuz”.