Baserritarren egun handia ospatzeko hainbat motibo eta aukera
San Isidro Eguna, Baserritarren Eguna ospatu zuten atzo [maiatzak 15], Busturialdeko zenbait udalerritan.
Mendatan, esaterako, Sustabizen eskutik, herri kirol erakustaldiaz gozatu zuten Eleixaldeko frontoian, pintxoak dastatzen zituzten bitartean. Harri-jasotze, trontza eta ingude saioa osatu zuten, Bingen Erleaga arratzuarrak, Inhar Urruzuno ondarrutarrak eta Lucia Perez toledoarrak.
Muruetan, urteroko hitzorduak izan zituzten: hutsik egiten ez duten ekitaldiak. Meza ostean, prozesioan irten ziren santuagaz, eta San Isidro Kofradiakoekin hamaiketakoa eduki zuten. 13:30ak aldera, bolo-jokoari ekin zioten; 49 lagunek parte hartu zuten, eta Jose Ramon Zenigaonaindiak irabazi zuen. Jarraian, bingoaren txanda izan zen.
18:00etatik aurrera, Paresiko Iturbe Anaiak eta Bermeoko Alegria aritu ziren idi probetan. Eguna borobiltzeko, txokolatea banatu zuten.
Ajangizen, Foruan, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun, mezaren ostean, hamaiketakoan bildu ziren herritarrak. Lumon ere santua elizako aterpetik kaleratu zuten, eguerdiko mezaren ostean.