"Mundiala" izango da Allende Salazar Herri Ikastetxearen urteurren ospakizun jaia
50. urteurrena ospatzeko "denontzako" izango den "jaialdi mundiala" prestatu du Allende Salazar Herri Ikastetxeak zapaturako (maiatzak 18); 11:00etan hasita, denetariko ekintzak egongo dira udalerrian.
1973-1974 ikasturtetik gaur arteko historia dauka Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Ikastetxeak, bertatik igarotako ikasle, irakasle, hezitzaile eta langile bakoitzaren istorioz betetako historia, hain zuzen ere. Eta 50 urtez bizirik iraun duen eskolaren ibilbidea ospatuko dute zapatuan (maiatzak 18), Gernika-Lumoko herrigunean. Ondorioz, 11:00etatik gaueko orduetara bitarteko “jaialdi mundiala” prestatu dute, eta denetariko ekintzak egongo dira udalerrian, “denontzako izango direnak”.
Joan den asteburuan motorrak berotu zituzten eskolako egungo irakasle, ikasle, langile zein bertatik igarotakoek. Izan ere, ia 700 ikasle eta irakasle ohi bildu ziren afaritan, bertoko produktuekin osatutako menua dastatzeko eta lagun artean egoteko. Eta, domekan, Porrotxek eta Marimototsek eskainitako 1.100 ikusletik gorako ikuskizunean ere elkartu ziren eskola komunitateko kideak. “Asteburu zoragarria” izan zela esan dute eskolako ordezkariek: “Izugarria izan zen asteburuan bizi izan genuena. Hamaika barre eta dantza egin genuen, eta zapatuko jaialdi mundiala ere ate joka dago!”.
Allende Salazar eskola udalerriaren “zutabe” gisa ulertzen dute eskolako ordezkariek, “eremu publikotik, denontzako aukera berdintasuna sustatuz, inklusioa eta kohesioa oinarri” hartzen dituelako: “Gernika-Lumon dagoen aniztasunaren ispilu garbia da eskola”. Izan ere, euskara ardatz hartuta, hurrengo printzipio metodologikoak zaintzen dituzte, kalitate pedagokikoa bermatzeko: autonomia, sozializazioa, aktibitatea, sormena, askatasuna, globalizazioa eta euskara.
Bizitza eta gizartea aurrera doazen heinean, eskola bizi bat “egunero” aldatzen joan behar dela uste dute, eta herriak bizi izan dituen aldaketei eta beharrizanei erantzun die eskolak bost hamarkadatan. Beraz, ezin da ulertu eskolaren eta gizartearen historia, eraldaketagaz ez bada. 1973ko apirilaren 3an joan ziren ikasleak Allende Salazar eskola berrira, Pasealekuko eskolatik aulkiak buruan hartuta zituztela. “Eskolaren izena Manuel Allendesalazar gernikarraren omenez jarri zioten, baina errakuntza baten eraginez, izena Allende Salzar bezala geratu zen”, azaldu dute eskolakoek urteurrenerako kaleratutako aldizkarian. Hasieran, inguruko udalerrietako 6., 7. eta 8. mailetako ikasleak bertaratzen ziren ikastetxera, eta 2.200 ikasle izatera ere ailegatu ziren, 40-50 ikasleko gelatan banatuta. Hamarkada horren amaieran, Barrutiko eskola publikoa sortu zuten, baita Busturiko Jose Mari Uzelai eskola eta Muxikako Urretxindorra ere. Horiei esker Gernika-Lumoko eskola publikoaren ikasle kopurua jaitsi zen.
Zapatuko jaialdia autofinantzatua izango da bere osotasunean
1973tik 1996-1997 ikasturtera bitartean, Pasealekuko Eskolak Allende Salazarreko harrobi izan ziren arren, beste zuzendaritza baten menpe zeuden, baina 1996ko ikasturte horretan, bat egitea erabaki zuten. Ordutik eskola bakar modura ezagutzen da.
Pausoz pauso eguneratzen.
70eko hamarkadan ikasketak gaztelania hutsean ziren, eta neska-mutilak eraikuntza desberdinetan banatzen ziren. Alizia Intxausti irakaslea izan zen lehen eskola euskaraz eman zuena, 1978an. “Harrotasun sentimendu handiz jasoak izan ziren euskarazko klase haiek, etxeko ama hizkuntzak eskolan ere tokia hartu zuelako”, gogoratu dute. Horrela eman zituzten euskalduntze bidearen lehen pausoak, eta familia eta irakasleentzat euskararen presentzia azkar bilakatu zen lehentasun, D eredu bakarra lortuz.
1990eko hamarkadan, ikasle etorkinen eskolaratzeari eta euskalduntze prozesuari aurre egin behar izan zieten, gaur egun den “eskola inklusiboa” lortu arte. “Eskola honen nortasunaren baitan beti egon da eguneratzea”, azpimarratu dute, 1985ean informatika geletan sartzeko zentro pilotua izan zirela gogoratuz.
Hamarkada horretako beste erronketako bat Amara Berri Sistema izan zela diote: “Familia eta irakasleentzat izugarrizko aldaketa suposatu zuen. Ikaslea erdigunean jartzea ekarri zuen horrek, testuliburuak albo batera utzi eta gizarte txiki bateko protagonistak bilakatuz. Ikasketa prozesua esperientziatik abiatzen da, hizkuntza, zientziak, historia, arteak eta matematikak, besteak beste, gela barruko etxe, auzo, denda, antzerki, irrati edo prentsaren bitartez bereganatzen dituztelako ikasleek”.
Eskolaren ibilbidearen beste lorpen bat jantoki proiektuarena izan da, ikasleek tokiko produktuez gozatzeko aukera dutelako egunero, “eskualdeko ekonomia eta ekoizpena sustatuz”.
Denetariko ekintzak.
Urte hauetan guztietan aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa izan da eskola komunitatea, eta horren parte dira ikasleak, irakasleak, familiak, hezitzaileak, garbitzaileak, sukaldariak, begiraleak zein atezaina. Eta, horien guztien lanari esker antolatu dute, baita ere, 50. urteurreneko jaia, doakoa eta guztientzako izango dena. Zapatuko jaialdia autofinantzatua izango da bere osotasunean, eta eskolakoei, herritarrei zein inguruko herrietakoei bertaratzeko deia egin diete: “Argi genuen egun hau doakoa eta irekia izatea nahi genuela, eta horretarako %100 autofinantzatua izatea gura genuen. Hala, zozketa, bazkari eta aldizkariko publizitatearekin egin diegu aurre ospakizun gastuei”.
Hala, denetariko ekintzak prestatu dituzte. Txupinaren ostean, umeentzako jolasak eta tailerrak egongo dira aukeran, eta Kantagunekoak eta Kalapitakakoak arduratuko dira eguna musikatzeaz. Eguerdian, herri kirol erakustaldiak hartuko die lekukoa, baita Elai Alaiko dantzariek ere. Tukatukadakoen txanda arratsaldean iritsiko da, eta erritmoa hartu ostean, Ross dantza eskolakoen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Skateboard ikastarioa ere egongo da, eta ez dira faltako zuzeneko musika kontzertuak.
EGITARAUA:
11:00. Txupinazoa.
11:00. Umeentzako jolas eta tailerrak.
12:30. Kantagunea eta Kalapitaka kalerik kale.
12:30. Herri Kirol erakustaldia, Picasso kalean.
13:00. Elai Alai Dantzaldia, Pasealekuan.
13:30. Gozategiren kontzertua, Pasealekuan.
18:00. Tukatukada Batukada kalerik kale.
18:00. Skateboard ikastaroa, Merkurion.
19:30. Ross dantza ikuskizuna.
20:30. Kontzertuak, Audience, Gatibu, Luhartz, Pasealekuan.