Intsektuek hegazti migratzaileentzat duten garrantzia azpimarratu dute
Intsektuak bizi iturri dira hegazti migratzaileen espezie askorentzat, ez bakarrik umatze garaietan, baita bidaia luzeetan ere, eta hori nabarmendu zuten domekan, Urdaibai Bird Centerren, Hegazti Migratzaileen Mundu Egunean.
Intsektuek hegazti migratzaileentzat duten garrantzia aitortu dute aurtengo Hegazti Migratzaileen Mundu Egunean, izan ere, intsektuen populazioak gutxitzearen kezkak nabarmen hasi dira azken urteetan. Intsektuak bizi iturri dira hegazti migratzaileen espezie askorentzat, ez bakarrik umatze garaietan, baita bidaia luzeetan ere. Egun horren harira, denetariko ekintzak prestatu zituzten Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren domekan, eta erantzun “ederra” izan zuten. “Egun berezia izan zen. Giro bikaina egon zen zentroan, eta aire zabaleko zein barrualdeko gure ekitaldiek arrakasta handia izan zuten”, ondorioztatu dute zentroko arduradunek.
Eraztunketa saioak goiz hasi ziren zentroa inguratzen duen belardian, eta bisitariek zozo ar bat eta zozo eme bat konparatzeko aukera izan zuten: “Horrez gain, gutxitan ikusten den hegazti bat ere ikusi zuten: okul handi ar bat”. Udaberrian jaio berri diren txitak ere ikusi zituzten inguruetan.
Eraztunketa saioaren ostean, Jonathan Rubinesek eta Txema Fernandezek Rutas para observar aves izeneko liburu berria aurkeztu zuten: “Liburu liluragarri honetan, Euskal Herriko hegaztiez gozatzeko leku berriak aurkezten dituzte, eta aholku eta informazio praktikoz beteta dago. Ideia asko partekatu zituzten gurekin”.
Hegaztiak ikusteko aukera berriei buruz jakin ondoren, bisitariek atsedenaldian mokadutxo bat jateko aukera izan zuten hegaztien zentroan, padurako behatokian. “Gure benetako ohorezko gonbidatuak, beste urte batez, hegaztiak izan ziren: Oruetako paduretara atseden hartzera hurbildu ziren zazpi mokozabalak, habiak eraikitzen ari ziren zangaluzeak, txirritxo multzo handi bat eta koartza gorri distiratsu bat”.
Intsektuen garrantzia.
Hegazti Migratzaileen Mundu Egunean, gainera, intsektuen eskuragarritasunak duen eragin “handiari” buruz ere aritu ziren, hegaztien migrazioen egutegian eragin nabarmena dutelako, baita migrazioaren iraupenean eta arrakasta orokorrean ere. “Intsektu populazioei kalte egiten die naturguneak eraldatzeak edo nekazaritza intentsiboaren arriskuak. Hiri garapenak intsektu kopurua jaistea ere eragin dezake”, gehitu dute. Gainera, pestizidek eta herbizidek hegaztiek elikatzeko dituzten intsektuak kaltetzen dituztela ere nabarmendu dute.
Hala, energian eta proteinetan aberatsak diren intsektuen eskasiak hegaztien migrazioa eta hazkuntza “zaildu” ditzakeela diote, horrek, haien immunitate sistema “ahultzen” duelako, “ugaltzeko arrakasta murrizten” duelako eta horrek hegazti helduen zein haien kumeen heriotza tasak handitzen dituelako. “Hegazti intsektujaleak, sorbeltzak, enarak eta ihalde enarak bezalako hegaztiak Afrikatik heldu dira Urdaibaira, eta padura gainean egoten diren eltxoak ehizatzen dituzte. Baina, klima aldaketak eta aipatutako mehatxuek hegazti horien biziraupena arriskuan jartzen dute”, azaldu dute zentroko ordezkariek.
Hala, aspalditik maiatzeko bigarren astean Urdaibaira heltzen den antzandobi arrunta gogoratu zuten domekan: “Distantzia luzeko hegazti migratzaile liluragarri hori ohikoa zen garai batean, Urdaibaiko zelai irekietan. Hala ere, bere kopurua azkar jaisten ari da, eta Bizkaiak altxor bat galtzeko arriskua dauka. Egoera hori hazkuntza metodo tradizionalak desagertzearen ondorio izan daiteke. Ze, lehen, aberez beteta zeuden soroak, eta orain, beste helburu batzuetarako erabiltzen dira, antzandoak bere habitata eta elikagai iturria galduz”.