Gazteen artean "kontzientzia piztea" bilatuko dute Arrain Azokan
Berdintasun Sailak Puntu Morea jarriko du zapatuan [maiatzak 18], Portuzarrean. Gazteria Sailak, berriz, menpekotasunen prebentziorako planari jarraipena emango dio.
30. Arrain Azoka hartuko du Bermeok asteburuan — maiatzak 17tik 19ra —, eta udaleko Berdintasun eta Gazteria sailetik jarduera bereziak antolatu dituzte; besteak beste, herritarrentzako informazio puntuak jarriko dituzte, zapatuan.
Berdintasun Sailak antolatuta, barikuan, azokaren lehen egunean, Mundakako Katillotxu Emakumeen Elkartetik sortutako LAPSE taldeak dantzadia eskainiko du, 19:30ean, Lamerako gune solidarioan. Dantzariek, Marimar Agirregaz batera, Metanoia ikuskizuna eskainiko dute. Zaoatuan, berriz, Puntu Morea jarriko dute Portuzarren, 20:00etatik 00:00etara. Bertan, herritarren edozein zalantza edo kezka argituko dute, eta “inork hala beharko balu”, laguntza eskaintzko prest egongo direla azaldu dute.
Sustraietara bueltatuta dator 30. Arrain Azoka
Era berean, Berdintasun Sailak, “herri seguru eta aske baten bila”, eraso matxista baten aurrean nola jokatu zelan jokatu behar den zehazten duen gidak banatu ditu herriko tabernarien artean: “Tabernak ere gune seguruak izatea gura dugu”, azaldu dute. Gainera, iaz Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan jarri ziren taulak kokatuko dituzte, Bizi ditzagun jaidxek eraso barik leloagaz. Beste alde batetik, Gazteria Sailak Bermeoko menpekotasun prebentziorako tokiko planari jarraipena eman nahi dio. Horretarako, “gazteen artean kontzientzia pizteko”, edalontzi berrerabilgarriak eta horiek zintzilikatzeko zintak egin dituzte eta herritarren artean banatuko dira. Adierazi dutenez, Lameran jarriko duten informazio puntuan egongo dira eskuragarri, zapatuan, 12:00etatik 16:00etara bitartean. Edalontzietan, Zer bizu ondo pasateko? Ondo pasa ez pasa! leloaz gain, prebentzio zerbitzuaren harremanetarako zenbakia — 675 025 018 — eta posta elektronikoa — bermeoprebentzioa@etorkintza.org — ere ipini diuzte. Hala, informazio puntuan udaleko teknikari bat arduratuko da zerbitzuaren berri emateaz. Egiten ari diren lanaz gain, orain arte egindakoari buruzko informazioa eskaintzeko prest egongo da, hala eskoletan egiten diren tailerrei, nola Lokaleku programari buruzkoa.