Bertsolaritzak gazteak erakartzen jarraitzen du
Domekan (maiatzak 12) ospatu zen 36. Garriko Eguna, eta Busturialdeko 90 gazte inguruk parte hartu zuten Bizkaiko Bertso Idatzien Eskolarteko Busturialdeko Finalean.
Kulturarentzako zailak diren momentu hauetan, inoiz baino beharrezkoagoak dira militantzia eta konpromisoa. Bertsolaritzaren transmisioan dihardutenek ondo baino hobeto dakite hori, eta domekan ospatu zen 36. Garriko Eguna da horren adierazle. Busturialdeko 90 gazte inguru batu ziren Muxikako Zubieta Errota udal liburutegian, Muxikako Garriko Bertso Eskolak antolatutako bertso saioan. Bertaratutako bertsolari gazteak euren ikastetxeetan ospatutako aurrekanporaketak gaindituta iritsi ziren Muxikan ospatu zen Bizkaiko Bertso Idatzien Eskolarteko Busturialdeko Finalera, eta eguna giro “ederrean” eman zutela adierazi dute antolatzaileek.
Parte hartzeari dagokionez, “oso altua” izan da aurtongoa; aurrekanporaketetatik sailkatutakoen artean “gehiengoa” hurbildu ziren Muxikara, eta hori “poztekoa” dela aitortu dute. Bertsolariek ordu beteko tarteaz gozatu zuten euren bertsoak sortzeko, eta adinaren arabera idatzi zituzten gaiak. A mailakoek–5. eta 6. mailakoek– eta B mailakoek–1. eta 2. DBHkoek– hiru aukeren artean bi hautatu behar izan zituzten. Aukeren artean izan ziren beldurraren inguruan idaztea, emandako lau oinekin bertsoa osatzea, edota hurrengo galderari zortziko txikian erantzutea: Ba al duzu gogorik oporrak hartzeko? D mailakoei, 3. eta 4. DBHkoei, eta batxilergoko ikasleei gaia proposatu zioten: Azken aldi honetan ez zara zure lagun taldean ondo sentitzen. Gaur erabaki dozu laguneri horren arrazoiak azaltzea.
Bertsoak osatuta, gerturatutakoak Janire Arrizabalagak, Naroa Iturriozek, Enara Gallastegik eta Ixone Asategik osatutako bertso saioan elkartu ziren
Ikastetxeak, bertsolaritzaren sostengu.
Busturialdeko ikastetxeetan astean ordu batez irakasten da bertsolaritza. Garriko Egunaren helburua, beraz, “bertsolaritza ikastetxeetatik kanpo ateratzea” da. Lehia aitzakitzat hartuta, egoera normal batean elkarrekin egongo ez ziren ikasleak batzen dira bertsotan egiteko, eta horrek, “momentu onak pasatzea” dakarrela uste dute antolatzaileek. Hasiera batean, izaten omen dira lehiaketa horietara hurbiltzeak nagia ematen diotela esaten duten batzuk, baina joatea erabakitzen dutenean, iritziz aldatu eta “balorazio oso on bat” egiten dutela adierazi dute. Gainemra, lehiaketa horiek bertso eskoletara salto emateko amua direla uste dute.
Ikastetxeetan egiten den lana bertsolaritza bizirik mantentzeko “funtsezkoa” da. Hor dago “oinarria”, eta Bizkaiko Txapelketetan edo Euskal Herriko Txapelketetan harmailak jendez lepo ikustearen arrazoi nagusia direla uste dute Garriko Eguneko antolatzaileek. “Gu 11-12 urte inguruko gazteengana hurbiltzen gara lehenengoz. Bertsolaritzarekin izaten duten lehen kontaktua izaten da horietako askorentzako. Hasiera batean bertso bat egiteko gai ez direla ikusten duten arren, hirugarren saiotik aurrera, lehenengo bertsoak osatzearekin bat, motibatzen hasten dira. Euskararen bitartez ondo pasatzea posible dela ikusten dute, eta hori polita da. Oso argi dugu ikasle guztiak ez direla bertsolariak edo bertsozaleak izango, baina horiek erakartzeko sare garrantzitsu bat dira eskolak”, adierazi dute.
Lehiarako grina eta gogoa izaten dute gazteek. Haurrak gaztetatik bideratzen dira lehiara, eta bertsolaritzan ere horrela izaten da. Baina ez derrigortuta. Gazteek, eurek adierazten dute txapelketara joateko nahia. Irakasleen esanetan, lehia hitza entzutean beldurtu egiten dira hasieran, baina behin gaitasuna dutela ikusita, motibatu egiten die beste ikastetxeetako gazteen aurka lehiatzeak. Hala ere, lehia “osasuntsua” izan dadin, epaileek ikastetxe guztietako ikasleei banatzen diete saria. Bertsolaritza lehiatik askoz haratago doalako.