338 ikasle, zientziaren eta teknologiaren inguruan
Lea Artibaiko eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak antolatuta, Zientzia eta Teknologia Eguna egin zuten barikuan (maiatzak 10), Astran, eta Busturialdeko DBH 4. mailako 338 ikasle batu zituzten bertan, "inoiz baino gehiago".
Ikusi, ulertu eta probatu, talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzeko. Probatzea da zientzia eta teknologia ulertzeko erarik onena, eta metodo hori praktikan jartzen du urtero Lea Artibaiko eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak. Hirugarren urtez antolatu du Zientzia eta Teknologia Eguna Busturialdean, eta inguruko enpresen lana eta teknologia ezagutzea eta hori sustatzea lortu dute, beste behin. Izan ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 338 ikasle bildu zituzten barikuan (maiatzak 10) Astran, robotikaren, elektronikaren edota errealitate areagotuaren inguruan. “Hiru edizioetako jendetsuena izan da, inoiz baino ikasle gehiago bildu ziren. Hala, txoko bakoitzeko ikasle kopurua gehitu genuen”, azaldu dute antolatzaileek.
Ikasteko beste modu bat jarri zuten praktikan: inguruko enpresek ematen dituzten aukerak eta erabiltzen dituzten teknologiak ezagutzekoa, ulertzekoa eta probatzekoa. Hala, ikastetxeetan ikasitakoa praktikan jarri zuten 13 tailer ezberdinetan. Hain zuzen ere, robotika, materialak, adimen artifiziala, errealitate areagotua, elektronika, matematikak eta elektrizitatea bezalako gaiak landu zituzten, EHUko eta Kooperatiben Mahaia Elkarteko ikertzaile eta arlo ezberdinetako adituen laguntzagaz. Zientzia eta teknologia ikasgaiei “beldurra” kentzeko ekimena ere izan zela nabarmendu dute.
Izan ere, proiektuaren helburua da gazteak eskualdeko enpresetara hurbiltzea, euren teknologiak ezagutzea, eta ikustea zeintzuk diren STEAM —Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics— ikasgaiak ematen dituzten aukerak. “Klase teorikoetan ikasten dutenaren aplikagarritasuna ezagutzeko aukera da egun hau. Ze, horrelako ekintzekin nahi duguna da gazteei ikusaraztea zelako enpresak dituzten gertu, eta horiek zelako teknologiak dituzten. Nahiko genukeena da gure gazteak eskualdean geratzea lanean, eta eurek ere ikustea teknologia horiek edo ikasten duten horrek zelako aplikagarritasuna duten, etorkizunera begira ere, konturarazteko zelako aukerak izan ditzaketen inguruan”, azaldu dute arduradunek.
Aurtengoa hirugarren aldia da Busturialdean, eta aurreko jardunaldien emaitzak “oraindik” ez dituzten arren, jardunaldi baliagarriak direla diote antolatzaileek, ikasle, irakasle zein enpresetakoek “balorazio positiboak” egiten dituztela esanez: “DBHko ikasleak dira, eta oraindik lan mundura ailegatzeko asko falta zaie. Gu etorkizuneko zientzialariak ereiten ari gara orain, hemendik urte batzuetara profesionalak ikusteko. Uste dugu horrelako ekintzekin, gazteei saltseatzeko aukera ematen diegula, askotan beldurtu egiten direlako matematika edo ingenieritza entzuteagaz bakarrik. Gauza oso konplikatuak direla uste dute, eta arrotzak egiten zaizkie, baina, uste dugu horrelako saioak oso baliagarriak direla”.
Talentatu programa.
Talentua sortzea, mantentzea eta eskualdera erakartzea da, beraz, proiektuaren asmoa. Hori da Talentatu programaren bidez Kooperatiben Mahaia Elkartea bultzatzen ari dena. Izan ere, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak Leartibai Fundazioagaz elkarlanean abiarazi zuen proiektua 2018-2019 ikasturtean, STEAM ikasgaiak sustatu, eskualdea ezagutu, nortasun sentimendua landu, eskualdeko industria zelakoa den ikusi eta etorkizunean bertako enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emateko asmoz. “Proiektuagaz, eskualdeko ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi da, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdearekin eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz. Hau da, ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean, eskualdean bertan gelditzea eta kooperatibek behar dituzten perfileko langileak bertakoak izatea lortu nahi da”, azaldu dute antolatzaileek. Ze, gaur egungo gazteak izango dira etorkizuneko langileak, eta eskualdeko enpresek dituzten premiak bete beharko dituzte.
Busturialdean ez ezik, Lea-Artibain ere egiten dute Zientzia eta Teknologia Eguna, maiatzaren 31n. Hala, laugarrenez, Lea-Artibai eskualdeko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 6. mailako 300 ikasle inguruk Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegia beteko dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bi txoko gehiago egongo dira aurten kiroldegian, guneak uzten duelako: “Saiatzen gara ahalik eta ikasle gehienengana ailegatzen”.