Saretzeko eta kontzientzia soziala bultzatzeko beharra
Homofobiaren, lesbofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17a, eta horiei aurre egiteko "beharrezko" dela saretzea uste dute Gernika-Lumako kideek. "Kontzientzia soziala bultzatzea" ezinbestekotzat jo dute.
Duela 34 urte, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea ezabatu zuen gaixotasun mentalen zerrendatik. Gertakari historikoa izan zen, eta aurrerapauso bat suposatu zuen sexu orientazio eta nortasun jakin batzuk gizartearen berezko aniztasunaren bereizgarri legez aitortzeko. Hori dela eta, maiatzaren 17a, lesbofobiaren, homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako eguna bihurtu da.
Ordutik, aurrera egin du sexu-orientazioa edota generoa edozein dutela ere pertsona guztiek eskubide berdinak izateko legeak. Gizarteak ere aurrera egin du bide horretan; izan ere, sexualtasuna eta generoa bizitzeko askotariko erak modu irekian adierazi ahal izateko espazio sozialak gero eta gehiago dira. Hala ere, legeak aldatu eta gizarteak aurrera egin arren, LGTBI kolektiboko pertsona askok jasaten ditu oraindikorain bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria. “Instituzioek tirita bat bezela funtzionatzen dutela oso argi daukagu. Lege aldetik laguntza bat izan dezakegula badakigu, baina gizartean kontzientziazioa egon barik, erasoak egongo dira”, adierazi dute Gernika-Lumako kideek, udalerriko transmaribibollo taldekoek.
Dioetenez, badakite “ez dela erraza” eraso mota guztiak legean jasotzea, eta, ondorioz, uste dute arazo horri aurre egiteko aldaketa pedagogikoa garatu behar dela: “Uste dugu arazo honi aurre egiteko benetan aldaketa pedagogikoa egon behar dela. Uste dugu aldaketa soziala bultzatu behar dela, aldaketa politikoa baino gehiago”.
Besteren artean, otsailaren 15ean Trans Legea onartu zela aipatuta, legeak “alderdi politikoek mugatzen” dituztela diote Gernika-Lumako kideek, paperetik ekintzetara igaro behar dela aitatuta: “Gu kontziente gara instituzioak gauza oso mugatuak direla, alderdi politiko batzuek mugatzen dituztelako. Gaur egun, bai, Trans Legea onartuta dago, baina hurrengo hauteskundeetan beste alderdi politiko batek irabaziz gero, lege hori desager daiteke, ultraeskuindarren gorakada kontutan hartuta, batez ere”.
Ondorioz, kolektibokoek diote euren jarduna ezin duela “politikak mugatu”, arazo soziala delako: “Ezin gara politikaren atzetik edo politikaren menpe egon, arazoa soziala delako, eta arlo sozialetik konpondu behar delako. Politikariek interes ekonomiko bat dute, eta aldiz, babesa da gure interesa”. Hala, “borrokak transbertsala” izan behar duela uste dute: batetik, arlo politikoan berme batzuk lortu behar direla uste dute, legeak kolektiboko kideak babesteko; eta, bestetik, heziketa baten bidez, pedagogia baten bidez, eta lanketa sozial baten bidez, kalean iraultza lortu behar dela diote. “Kalean lortuko dugu benetako iraultza, eta ez parlamentuan”.
Saretzearen garrantzia.
Horrenbestez, “kontzientzia soziala bultzatzea” da oinarria, Gernika-Lumakoen ustez. Hala, elkartu eta saretu egin dira udalerrian. LGTBI kolektiboko pertsona askok ez ikusiarena egitea jasaten dute, eta horien aurkako eraso fisikoak ere noiznahi eta nonahi eman ohi dira. “Kolektiboan komentatu dugu mota askotako erasoak ikusi eta bizi izan ditugula, eta asko ez direla eraso modura identifikatu ere egiten. Marikoi berba eskola guztietan entzun dezakegu, edota kaleko edozein pintaketatan ikus dezakegu. Eta jendea ez da kontziente horrelako irainak erasoak direnik. Emakumeen kontrako erasoak protokoloan lanketari eta urteetan zehar egindako lanari esker identifikatu ahal dira: badakigu ukitu bat eraso bat dela, baina, eraso homofoboen arloan, Gernikan ez da inoiz ezer landu. Beraz, guk ere –kolektiboko jendeak– askotan ez dakigu ondo zer den eraso bat eta zer ez”, azaldu dute kideek. Ondorioz, horretarako lanketa bat egin behar zutela eta, elkartzea eta hausnarketa bat bultzatzea erabaki zuten.
Saretzeak “berebiziko garrantzia” duela sinetsita sortu zuten Gernika-Luma duela ia urtebete. “Nagusiagoa zarenean konfiantza daukazu zure sexualitatearekiko edo zure identitatearekiko. Baina gaztetan, zure ingurukoetan gauzarik normalena gauza normatiboa dela ikusten duzunean, ez da erraza izaten esatea zein den zure sexualitatea, ez eta kaletik nahi duzun moduan janztea edo adieraztea”. Beraz, uste dute Gernika-Luma kolektiboko kideak saretzeko gune bat izateaz gain, erreferentzia puntu bat ere izan behar dela, erraztasuna emango duena gazteak gerturatzeko eta euren zalantzak adierazteko. Ze, azpimarratu dute, kanpora begirako lanketaz gain, barrura begirakoa ere badute.
Kezkak eta zalantzak partekatzeko, eta kolektiboa ikusarazteko helburuz bildu ziren, “ez zutelako horrelakorik udalerrian”. Hala, barrura begirako lanketan sakondu dute lehenengo urtean: “Barnera begirako lanketa ere egiten ari gara, ze uste dugu horretarako beharra dagoela eta horretarako batu behar garela; batez ere identifikatzeko zeintzuk diren deseroso jartzen diguten egoerak, deseroso jartzen digun hori eraso bat delako”. Diotenez, udalerrian ez zegoen espaziorik euren “identitatea lantzeko eta garatzeko”, ez eta identitate berdineko jendeagaz egoteko. “Ze, gernikan, jendea ezagutu arren, ez genekien eurak ere kolektibokoak direla, eta interesgarria iruditzen zitzaigun batzea, elkar ezagutzea eta elkarren esperientziak konpartitzea, kontutan izanda, asko berdinak zirela, eta guk, ez genekiela horiek sistematikoak zirenik”, azaldu dute.
Kanpora begirako helburua, bestalde, Gernikan aniztasuna dagoela ikusaraztea da. “Uste dugu jai giroan edota kiroletan giro oso maskulinoa eta arrotza dagoela, batez ere umeen arteko harremanera begira. Eta hori ere ikusarazi gura izan dugu”, azaldu dute.
Apurka-apurka pausoak ematen joan dira: “Esan behar da pauso txikiak eman ditugula, astiro doan prozesua dela. Ze zerotik sortu den talde bat da hau, eta ez da erraza horretarako denbora eta ohiturak sortzeko elkartzea. Gehienek ez dute inoiz inongo talde politikotan militatu; ondorioz, ohitura bat sortzen hasi behar izan dugu, konpromiso maila bat eskatzen duelako horrelako talde batek. Baliteke, gainera, jendeari lotsa ematea asanbladetara gerturatzeko, baina joan gara apurka-apurka esparru desberdinetara iristen: asanblada bat, jai bat, merendola bat… eginez”. Esparru desberdinetara ailegatzeko lanetan ari dira orain, denetariko jendea biltzeko: “Taldeak kutsu politiko bat ere badauka, gure identitatea ere politikoa delako, baina nahikoa despolitizatuta ere badagoen taldea da, norbere identitateagatik sufritzen duen oro ongietorria delako”. Hala, euren jarduna zabaltzeko asmoz, ekainaren 28rako —LGTBI kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna— egitarau zabala prestatzen ari dira: “Asanblada batzuk egin ditugu jendearen iritziak jasotzeko, eta orain horiek lantzen ari gara”.
Udalerriko saretzeaz gain, beste herri batzuetako taldeekin ere harremanetan daude Gernika-Lumakoak: “Bultzada bat egon da, eta uste dut erreferentzia puntuak egotea garrantzitsua dela. Gernikan moduan beste talde batzuk daudela ikustea eta eurekin kontaktuan mantentzea bultzada oso garrantzitsua dela uste dugu; ea etorkizunera begira talde gehiago sortzen diren, anitzagoak direnak”.
Kontzientziak pizten eta begiradak aldatzen doazela diote; besteren artean, Lea-Artibaiko desbiauak edota Durangoko kolektibokoak aipatu dituzte. “Uste dugu mugimendu sozialek edo mugimendu identitarioek garrantzia hartu dutela azken urteetan, eta ez dela moda kontu bat, jendeak uste duen bezala. Beharrizan batetik jaio dira, herritarrak ohartu direlako ez dela posiblea norbera den modukoa izateagatik zapaldua edo isildua izatea, egunerokotasunean beldurrez bizitzea”.