Atzoko odol tantak, gaurko eta biharko oroimen itsaso
Sollubeko batailan zendutako eusko gudariak gogoratu eta omendu ditu Mañu auzoan Sollube 1937 elkarteak.
Duela 87 urte, Sollubeko batailan, zendutako eusko gudariei omenaldia egin zieten iragan domekan [maiatzak 12] bermeotarrek. Mendi horren magalean kokatutako Mañu auzoan elkartu ziren herritarrak; bertan egon ziren, gainera, Bermeoko udal gobernu taldeko kideak eta Sollube 1937 elkarteko partaideak. Omenaldian faxismoaren ondorioak nabarmendu gura izan zituzten: “Batetik, bizitzak eurak galdu ziren; bestetik, herri oso baten nortasuna galtzeko arriskua ere egon zen”. Gudariak omentzerakoan, aintzat izan zituzten 36ko gerran parte hartutako euskal dibisio zein gudaroste ezberdinak; haiekin batera, atzerritik “beraiena ez zen herri batera” borrokatzera joandakoak ere gogoratu zituzten, hala nola, gudari asturiarrak.
Faxismoaren erasoaldiak jadanik “zerutik eta fusiletatik” ez datozen arren, faxismoaren gorakada “aurrera doala” azpimarratu zuten Mañun: “Faxismoa bizirik dago erakundeetan; bere diskurtsoa oraindik oso presente eta egunez egun indartzen dago. Horrenbestez, alternatibak bilatu behar ditugu guztion artean, egungo errealitateetara moldatuta, hari aurre egiteko”. Era berean, Ukrainako eta Palestinako sarraskiak faxismoaren hauspotzeagaz erlazionatu zituzten: “Negu Gorriak taldearen abestiak zioen legez, borreroak baditu milaka aurpegi. Palestinako edota Ukrainako gatazkak faxismo kolonialistaren eredu bi besterik ez dira. Eta Euskal Herria hondamendi horren konplize da. Izan ere, triskantza goi mailako kalitatean ikusten gabiltza, pantailetatik, Euskal Herriko hainbat eta hainbat armamentu enpresa aberasten ari diren bitartean. Izan Donbassen, izan Rafahn, geure laguntza behar dute herritarrek”.
Omenaldi berezi bat.
Sollube 1937ko kideek memoriaren berreskurapen eta mantentze lanetan demokraziaren nahiz oroimenaren alde “gogor lan egindakoei” eskerrik beroenak eman zizkieten. Horrez gain, gerraren hondamendiak drogak utzitakoekin ere alderatu zituzten: “Ez daude estuki lotuak, baina badira batzuen eta besteen aurka gogor egin dutenak; horietako bat urtero-urtero ekimen honetan egon ohi zen Josu Unanue da. Aurrerantzean, ez da fisikoki berton egongo, baina bai, ostera, beste moduren batean.