Palestinako herriaren laguntza aldarriari elkartasunagaz erantzun diote eskualdeko herritarrek
Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak deituta, Palestinaren aldeko elkarretaratzeak egin dira gaur Euskal Herrian zehar. Palestinar herria pairatzen ari denak izena duela eta hala deitu beharra dagoela azpimarratu dute: "genozidioa". Herritarrei datozen asteetan egingo diren mobilizioetan parte hartzeko deia egin die deialdi herritarretik.
Palestinaren aldeko eta gerraren kontrako elkartasunak ez du etenik, eta horren adierazle dira gaur [maiatzak 11] eskualdeko herrietan ikusi diren elkarretaratzeak. Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak zabaldutako deialdiak erantzun zabala jaso du: Ean, Ajangizen, Bermeon, Gernika-Lumon, Muxikan eta Mundakan, Euskal Herriko beste berrogei herritan egin bezala, herritarrak kalera atera dira SOS Rafah lelopean, Palestinako banderak eta genozidioaren aurkako kartelelak eskuan dituztela, Rafahek pairatzen duen eraso larria publikoki salatu eta Palestinako herria urriaren 7az geroztik pairatzen ari den sarraskia behin betiko eteta exijitu dute.
Irati Jimenez idazlearen idatzia irakurri dute udalerri guztietan, eta horretan basakeriaren ostean beti “gezurra, iruzurra eta engainua” etorri ohi direla gogoratu dute: “Gernikako herria bonbardatu zuten faxistek horrore berri bat inauguratu zuten eta horrore berri hori tapatu egin nahi izan zuten, ezkutatu eta ukatu. Hildakoak hiltzaile bihurtu, biktimak borrero, errugabeak errudun. Ez zuten lortu. Herriak badaki zer den egia eta ez du ahaztu”. Gernikak pairatu zuena ahaztu ez eta historiaren tribunalaren aurrean “herri txiki batek gezur handi bati aurre egin diezaiokeela” frogatu duela nabarmendu dute deialdi herritarretik.
“Palestinarrena da orain historiatik erauzi nahi duten herria”
Gernika berri bat dagoela, “desagerrarazi” nahi duten herri bat dagoela gogoratu dute. “Palestinarrena da orain historiatik erauzi nahi duten herria. Palestina da orain basakeria berri baten protagonista, apenas imajinatu dezakegun horrore berri batekin desagerrarazi nahi duten herria”.
Palestinar herria sufritzen ari denak jakina den izena duela eta hala deitu behar zaiola nabarmendu dute: Herriaren erausketari genozidioa deituko diogu. Okupazioa okupazioa dela esango dugu. Soldadurik ez daukan herria soldaduekin erasotzeari ez diogu gerra deituko. Herriari bere ospitaleak kentzeari, bere unibertsitateak suntsitzeari, bere haurren eskolak eta bere haurrak desagerrarazteari ez diogu zibilizazioa deituko”.
“Ez dugu geure humanitatea entregatuko”
“Humanitatearen kontrako krimen honen aurrean ezer egingo ez bagenu, geure humanitatea entregatuko genuke. Ez dugu geure humanitatea entregatuko”. Humanitatearen defentsa horretan, Gernika- Palestina Deialdi Herritarretik argi esan dute ez dutela amore emango, eta ez direla “herri oso batekin bukatu nahi duen Estatu kriminal baten konplizeak” izango: “Palestinarren genozidiori aurre egingo diogu”.
Era berean, munduan zehar Student For Gaza dinamikan parte hartzen ari diren ikasleei zein Euskal Herrian zehar kalera aterako diren ikasleei elkartasun mezua zabaldu die.
Herritarrei palestinarrei elkartasuna eta babesa helarazteko datozen asteetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia eginez bukatu dituzte gaurko elkarretaratzeak: “Palestinako herria da aldarri egiten diguna, palestinarrak dira ordu ilun honetan laguntza behar dutenak eta harrizko herri honek aldarri horri erantzun nahi diolako, eman diogu herri bezala Palestinari behar duen laguntza hori”.
160 lagun elkartu gara #StopGenocideInGazaNow #GernikaLumo #SOSRafah ozen aldarrikatzeko @GerPalesti2023 pic.twitter.com/yfA1Xp2ZYc
— Guernica Gernikara (@GGernikara) May 11, 2024