Maietz Pazko Jaietan murgilduko dira datozen bi asteburuetan, Muxika, Arratzu eta Sukarrieta
Muxikarrek asteburu honetan hasiko dituzte Maietz Pazko jaiak, eta Arratzun eta Sukarrietan, ostera, datorren asteburuan ospatuko dituzte. Herri bazkariak eta kontzertuak dira nagusi.
Aste Santua noiz ospatzen den arabera ospatzen dira Maietz Pazko jaiak; urterik urte aldatzen dira ospakizun datak. Aldatzen ez dena, ordea, herri txikiek jai horiek prestatzeko erakusten duten maitasuna eta prestatzen dituzten egitarau luzeak dira. Aurten ere, Muxikak, Arratzuk eta Sukarrietak denetariko ekintzak antolatu dituzte, eta urteroko jarduerez gain, berritasunen bat edo beste gehitu dituzte.
Aurten, muxikarrak izango dira Maietz Pazkoak ospatuko dituzten lehenengoak; gainontzekoak baino astebete lehenago hasiko baitira. Ohi bezala, barikutik domekara arte batuko dira jai giroan herritarrak, eta gaur txupinazoarekin murgilduko dira Maietz Pazkoetan. Ostean, bakailaoa janez beteko dituzte tripak, eta gorputzak mugitzeko aukera ezin hobea izango dute taula gainean: Bikoterock bertsio eta karaoke taldeak eskainiko du kontzertua.
Bihar ere ez dute aspertzeko astirik izango: eguerditik gauera arte egongo dira jarduerak. 13:00etan, herri poteoa girotuko dute Elortegi anaiek, 15:00etan herri bazkarian batzen diren arte. Bazkalondoko barre eta lagun arteko eztabaidak karta jokoek etengo dituzte. 17:00etan, Briska eta Mus Txapelketak jokatuko dituzte, eta ordu berean umeen jolasak hasiko dituzte.
Udaletxeko plaza jendez lepo jarri zuten iazko kontzertuek, eta aurton ere jende tropela erakartzea espero da. Busturialdeko Mikosis eta The Uski’s taldeak oholtzaratuko dira, eta 80ko hamarkadako abestien bertsioak egiten dituen UT taldea arduratuko da gaua behar bezala agurtzeaz.
Domekan, tradizioz betetako hitzorduak gailenduko dira. Meza Nagusitik irten ostean, Baso Txoritxu Dantza Taldekoak egongo dira plazan itxaroan. Ostean, goi mailako bertso saioagaz agurtuko dituzte jaiak. Izan ere, Onintza Enbeitak eta Nerea Ibarzabalek parte hartuko dute aurtongo Balkoitik balkoira bertso saioan.
Egun bereziak
Arratzuko Jai Batzordetik azaldu dutenez, jai egun horiek zinez «bereziak» dira herritarrentzat. Inguruko herrietan ere egitarau «boteretsuak» antolatu dituzten arren, dataz ez aldatzeko erabakia hartu dute, herritarren egun bereziek baitute «lehentasuna» erabakietan. Gauzak horrela, barikuan txupinarekin eta sartenekoarekin hasiko dituzte jaiak.
Zapatua ekimenez beteta izango dute arratzuarrek. Gaztetxoenak arduratuko dira eguneko lehenengo zaratak plazara eramateaz; Arratzuko Piratek umeentzako jolasak antolatu dituzte, 11:30ean. Ostean, 13:00etan, Bizkaiko Lasto Jaurtitze Txapelketa jokatuko dute, eta herritarrei ez zaie motibaziorik faltako: Obieta herrikidea animatzen ibiliko dira.
Eguerdian, Herri Bazkariak jendez gainezka jarriko du frontoia, eta bazkal osteko solasaldietarako tartea izango dute, iluntzera arte ez baitute ekintzarik izango.
Domekan ere izango dute zer egin, eta martitzenean agurtuko dituzte horrenbeste maite dituzten jaiak. Maiatzaren 21ean ere bazkaria izango dute. Meza ostean, herriko tabernan bazkalduko dute herritarrek. 20:00etan bukatuko dituzte, ofizialki, jaiak.
Sukarrietan ere datorren zapatuan eta domekan egingo dituzte ospakizunak. Zapatuan, Sukarrietako Maietz Pazkoetako ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa izango dute, sukalkia. Berrogeigarrenez antolatu dute lehiaketa; 14:30erako prestatu beharko dituzte lapikoak.
Lehenago, herriko kantagunea ibiliko da kalez kale, eta herri kirolak ere izango dira. Arratsaldean, berriz, umeen txanda iritsiko da, eta jolasekin, txokolatadarekin eta ikuskizunarekin gozatuko dute.
Domekan ere egun luzea izango dute sukarrietarrek. Goizean, Sustabiz Fundazioak erakustaldia antolatu du, eta ostean, herritarrei herri kiroletan parte hartzeko aukera eskainiko diete. Kirola eginda, sardina janda berreskuratuko dituzte energiak. Gainera, Sukarrietako kantaguneak eta trikitiak girotuko dute gunea. 22. Mus Txapelketak itxiko ditu jaiak.
MUXIKA:
Gaur, maiatzak 10:
- 20:00. Txupinazoa.
- 20:30. Bakailao jana.
- 22:00. Bikoterock bertsio eta karaoke taldearen emanaldia.
Bihar, maiatzak 11:
- 13:00. Herri poteo girotua, Elortegi anaien eskutik.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 17:00. Mus Txapelketa eta Briska Txapelketa.
- 17:00. Umeen jolasak.
- 21:00. Kontzertuak: Mikosis, The Uski’s eta UT.
Maitzak 19, domeka:
- 12:30. Meza.
- 13:00. Baso Txoritxu Dantza Taldearen eerakustaldia, udaletxeko plazan.
- 14:00. Balkoitik balkoira bertso saioa, Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin.
ARRATZU:
Maiatzak 17, barikua
- 20:00. Pregoia eta txupina, Arratzuko Piñapolak Otxotearen eskutik.
- Jarraian. Buruhandien kalejira.
- 21:00. Sartenekoa.
- 22:00. Andoni Ollokiegi musikaria.
- Ostean. Dj Oier Mendizabal.
Maiatzak 18, zapatua
- 11:30. Umeen jolasak, Arratzuko Piraten eskutik.
- 13:00. Herri kirolak: Bizkaiko Lasto Jaurtitze Txapelketa.
- 14:00. Umeen Herri Bazkaria.
- 15:00. Nagusien Herri Bazkaria.
- 15:30. Umeentzako puzgarriak.
- 20:00. Adin guztietako lagunentzako playback-a.
- 22:30. Gauargi taldearen kontzertua.
- Bukatzeko. Dj Koet.
Maiatzak 19, domeka
- 11:30. Arratzuko Esku Pilota Txapelketaren Finalak, frontoian.
- 12:30. Meza Nagusia, Arratzuko Koruaren abestiekin.
Maiatzak 21, martitzena
- 13:00. Meza.
- 15:00. Maietz Pazko bazkaria, herriko tabernan.
- 18:30. Vademecun ikuskizuna.
- Jarraian. Txokolatea eskainiko da.
- 20:00. Jai amaierako txupina, Arratzuko Piñapolak Otxotearen eskutik.
SUKARRIETA:
Maiatzak 17, zapatua
- 09:30. Txupinazoa.
- 10:00. 40. Sukalki Lehiaketarako izen ematea.
- 12:00. Sukarrietako kantagunea, kalez kale.
- 14:00. Herri kirolak.
- 14:30. Lapikoen aurkezpena.
- 15:00. Bazkaria, parkean.
- 17:00. Haurren jokoak, parkean.
- 17:00. Txokolote jana, parkean.
- 18:00. KZ musika taldearen erakustaldia.
Maiatzak 18, domeka:
- 10:00. Herri kirolak, Sustabiz fundazioaren eskutik.
- 11:30. Gure kirolak sustatzen jardunaldi parte hartzailean Karmele Gisasola eta Xabi Barandika ariko dira gura duten herritarrei erakusten.
- 12:00. Meza Nagusia, Mundakako Abesbatzarekin.
- 13:00. Trikitia eta Sukarrietako kantagunea.
- 13:30. Sardina jana egingo dute, Plazuelan.
- 17:00. 22. Mus Txapeketa, Plaza