Sustraietara bueltatuta dator 30. Arrain Azoka
Arrain Azoka proiektuaren sortzailea den Bego Gangoitik jasoko du aurtengo 27. Hegaluze Saria.
Arrain Azoka Bermeoko “ekitaldirik garrantzitsuenetako” bat da, udalerriko “produktuen, kulturaren eta nortasunaren erakusleihoa”. Aurtengoa berezia izango da, Arrain Azokaren 30. urtemuga ospatuko baita. Bermeoko alkatea eta Arrain Azoka Elkarteko presidentea den Nadia Nemehk azaldu duenez, aurtengo ekitaldian sustraietara buelta egitea bilatu dute, eta horren adierazle izango dira maiatzaren 17an, 18an eta 19an Bermeo hartuko duten ekintza ezberdinak.
Bermeoko azoka Euskal Herrian egiten den mota horretako lehen azoka izan zela gogoratu du Nemehk: “Aitzindariak izan ginen orain dela 30 urte. Erreferenteak izan gara eta horrela jarraitzeko apustua egiten dugu”. Era berean, Arrain Azokaren “erronka garrantzitsuenak” gogoratu ditu: itsasoari lotutako ondarea eta ekonomia zaindu eta ezagutzera ematea, ingurumenarekiko eta kulturarekiko jasangarritasuna eta elkartasuna.
Arrain Azoka udalerriko kulturaren eta ekonomiaren aldeko apustua dela nabarmendu nahi izan du Bermeoko alkateak: “Harro gaude gure kontserbak eta itsasoarekin estuki lotutako ondarea erakusteaz, eta era berean, mahoizko arropak jantzi eta udako jai-denboraldiari hasiera ematea era gustatzen zaigu”.
30 urteko historia.
Azokaren 30. aldian sustraietara bidaiatu nahi izan dute; horregatik, “aho batez” erabaki dute sustrai horiek landatzeaz arduratu zen Bego Gangoitik jasotzea XXVII. Hegaluze Saria. Gangoiti izan zen Azoka proiektuaren sortzailea, bere gradu amaierako lana izan baitzen. 1994. urtean egin zen lehenengo azoka Bermeon: bi urterik behin egitekoa zen azoka txiki bat bezala jaio zen, baina erreferentziazko azoka bihurtu da: “Azoka handi eta ospetsuan bihurtu du Gangoitik”.
Bermeoko Arrain Azoka erreferente bihurtzeko ibilbidea luzea izan den arren, urteetan zehar “ez dira iniziatiba, sormena eta lan egiteko gogoa falta izan”: “Gangoitik mimo handiz antolatu du urtez-urte”. Horregatik, eta aurtengoa azokaren 30. urteurrena izanik, Arrain Azoka Elkarteak Gangoitiren lanari aitortza egiteko “urte polita eta borobila” dela ikusi du.
Elkarteko presidente modura, Gangoiti eta Arrain Azokaren arteakoa “maitasun istorio polit bat” bezalakoa dela adierazi du Nemehk. Modu berean, eskerrak eman nahi izan dizkio egindako lanagatik: “Bego eta bere taldekideek oso ondo zaindu dute Bermeoko Arrain Azoka. Eskerrik asko bihotz-bihotzez, zuon lanari esker Arrain Azokaz gozatzeko aukera izan dugulako, eta oraindik ere badugulako”.
Programa “oso zabala”.
Arrantza, arrain kontserba lantegiak eta herria Arrain Azokaren “parte garrantzitsua” izan dira hiru hamarkada hauetan, horregatik, hori islatu nahi izan dute azoka iragartzeko sortu dituten hiru karteletan.
Aurkezpenean aurreratu dutenez, hiru egunetan zehar ordutegi jarraitua izango du: barikuan [maiatzak 17] 11:00etatik 20:00etara, zapatuan [maiatzak 18] 11:00etatik 21:00etara eta domekan [maiatzak 19] 11:00etatik 15:00etara. Aurten azokak 18 erakustoki izango dituela era aurreratu dute. Horietan, enpresa eta erakunde ezberdinek beraien produktuak herritarren esku jarriko dituzte, nahi duenak dastatu eta erosi ditzan. Gainera, arrantza mundua ere erakutsiko dute.
Sustraietara salto egiteko ideagaz jarraituz, Biotza Arostegi sukaldari bermeotarrak hegaluzea zatitzeko eta prestatzeko teknika tradizionalak azalduko ditu, zapatuan eta domekan, Lamerako Gune Gastronomikoan. Maite Caruezo Garapen ekonomikoaren zinegotziak adierazi duenez, “oso ondo daude gaur egungo teknika moderno eta sofistikatuak, baina ezin ditugu ahaztu teknika tradizionalak, betikoak, gure etxeetan ikusi ditugunak”.
Berritasunak ere izango ditu aurten Arrain Azokak. Esaterako, atuna “modu askotara” prestatu daitekeela erakusteko helburuarekin, Bermeo Tuna World Capital elkarteak “jasangarritasuna bermatzen duen bertoko atunarekin” pintxo bereziak jarriko ditu Bermeora gerturatzen direnen eskura, 2 eurotan. Horrez gain, XX. mendeko Bermeoko portuko flotaren grafiko laburra eta abarketa modelo berriak aurkeztuko dituzte azokan.
Urtero bezala, aurten ere ez dira eguneroko ekintzak faltako, besteak beste, arrain salmenten simulazioak, Hegaluze eta Taho itsasontzietan irtenaldiak eta asteburu guztian zehar Arrantzaleen Museora doan sartzeko aukera. Horiez gain, asko izango dira asteburu horretan udalerriak hartuko dituen kirol eta kultur ekimenak. Horiei guztiei esker Bermeon “jai giro paregabea” egongo dela aurreikusten du Caruzok: “Fanfarreak, dantzak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak eta gaiteroak, estropadak, pilota partiduak… izango ditugu herriko giroa alaitzeko”. Zinegotziak herriko kirol eta kultur taldeen inplikazioa eta lana eskertu du.
Elkartasun Gunean lortutako dirua Osakidetzak estaltzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko dute
Laguntza eta informazioa.
Bermeoko Arrain Azokak bere izaera solidarioari eutsiko dio, eta horregatik, ez da Elkartasun Gunea faltako. Aurten, gainera, lekualdatu egingo dute, erakustokiak bezala, Lameran kokatuta egongo baita. Bertan, boluntarioei esker, hegaluzea dastatzeko aukera egongo da, bai marmitakoan, bai erreta. Jakiak erosi eta etxera eramateko asmoa dutenei ontziak etxetik eramateko eskaera egin die Caruezok. Iaz egin bezala, aurten ere Elkartasun Gunean lortzen den dirua Osakidetzak estaltzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko Bermeoko umeen tratamenduetara bideratuko dela iragarri dute.
Arrain Azokak laguntza eta informazio puntu ezberdinak izango dituela ere iragarri dute. Zapatuan, esaterako, droga-mendekotasunari buruzko informazioa emateko puntua zabalduko dute, 12:00etatik 16:00etara bitartean, Lameran. 20:00etatik 00:00etara, berriz, Puntu Morea jarriko dute, Portuzarrean. Gurutze Gorria hiru egunetan zehar egongo da bertan.
Modu berean, Portuzarra, Lamera, Ispizua tar Segundo eta Prantzisko Deuna artean ibilgailuan zirkulazioa murriztuko dela aurreratu du Garapen ekonomikoaren zinegotziak. Horregatik, ibilgailuak “ahalik eta gutxien” mugitzeko deia egin die herritarrei. Bisitariei, berriz, Bermeora etortzeko garraio publikoa erabiltzeko eskatu die.
Leire Zarate BBKko Ingurumen arloko arduradunak hartu du hitza aurkezpenean, eta lehen sektorearen garrantzia azpimarratu du: “Bizkaiko gizartearen etorkizuna irudikatzen dugunean, bertan ikusten ditugu gure ekoizleak, kalitatezko elikagaia, gure ohiturak… Izan ere, kalitatezko eta bertoko elikagai eta produktuak, freskoak, osasungarriak, trazagarriak, jasangarriak eta inguruen-aztarna txikikoak eskaintzen ditu lehen sektoreak”. Horrez gain “gure nortasunaren, sustraien erakusgarria” ere badela gehitu du.
Lehen sektorea lurraldearen “lehiakortasun jasangarrirako” sektore estrategikoa dela azaldu du, horren eginkizuna “epe ertainera” indartu egingo dela aurreratuz, “adibidez, Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda eta Europako Itun Berdea bezalako ekimenen bidez”.