"Giro ezin hobea", San Frantzisko eskolaren 50. urteurren jaian
Ume, gazte, nagusi, ikasle zein ikasle ohiak herri bazkarian bildu ziren Bermeo-San Frantzisko Herri Eskolako frontoian
Bermeo-San Frantzisko Herri Eskolaren 50. urteurrena ospatu dute, asteburuan, eta egun guztiko egitarauaz gozatu zuten; izan ere, 12:00etan eman zioten hasiera ekitaldiari eskolako patio handian, eta jendea biltzeko asmoz, jarraian lamerarantz abiatu ziren musika poteoan.
Eguneko une nagusia eskolako frontoiko patioaren aterpean egin zuten herri bazkaria izan zen: jendetza bildu zen eta bi txandatan banatuta, ume, gazte, nagusi, gaurko eta lehengo ikasle eta irakasleak elkartuta, egun «ezin hobea» pasatu zuten.
Puzgarriak, futbolin erraldoia eta dantzaldia ere ez ziren falta izan. Photocallaz, oroitzaipenen kodearnoaz, karaokeaz eta galdera jolasaz ere disfrutatu zuten.
Fortunate Txos!, Drew, DJ Ivan, DJ Bogdan eta Joxpa erromeriaren kontzertuekin amaitu zuten jaia eskolan. Bazkarirako nagusien sarrera zutenak berriz, Antzokian jarraitu zuten, festa goizaldera arte.