Gernika-Lumoko merkataritza "osasuntsu" dagoela berretsi dute udalaren datuek
Gernika Lumoko Udalak Merkataritza Behatokia sortu du. Ikerketak eskainitako datuen artean, nabarmendu dute langileen %75 emakumezkoak direla, eta horien batez besteko adina 45.7 urtetakoa dela.
Merkataritza Behatokia sortu du Gernika-Lumoko Udalak. Ekimen horren helburua da herriko merkataritzaren inguruko informazioa lehen pertsona ezagutzea, eta egoeraren irudi errealena eskaini ahal izatea. Horretarako, herritarrei zuzendutako galdetegi bat prestatu dute, eta lehenengo emaitzak kaleratu dituzte. Laburbilduz, Gernika-Lumoko merkataritza “familiartekoa, digitalizazio maila altukoa, eta profesionalizazioaren aldeko apustu sendoa” egiten duen sektorea da.
Udalerriko ia 300 merkataritza zentroak kontutan hartuz, merkatari gehienak emakumezkoak dira. Orotara, merkatarien %74 dira, eta horien batez besteko adina 45,7 urtetakoa da. Gainera, ateratako datuek diotenez, negozien %32 familien arteko belaunaldien artean pasatutakoak dira. Azkenendo datu horrek “oso argi erakusten du merkataritzak herrian duen influentzia”, azaldu dute udaletik.
Behatokiak eskainitako datuek adierazten dutenez, herriko komertzioen %95a herriko “gune zaharrean” dago. Gernika-Lumoko merkataritza herrikoia dela esan daiteke: horien %90ak salmenta puntu bat baino ez du. Datu horren irakurketa egin dute udaletik: “aire libreko merkatugune” batekin alderatu dute herriko eskaintza. Orotara, 30.000 metro karratu hartzen dituzte herriko merkatraitza zentroek.
Alokairuak, nagusi.
Ez dago merkataritza negoziorik, lokalik gabe. Gernika-Lumoko merkatari gehienek alokairuaren aldeko apustua egiten dute: %68a dira. Lokalik gabe, behar bada, moldatu daiteke, langilerik gabe, ordea, ez. Batez bestez, 3,11 pertsonak egiten dute lan zentro bakoitzean; langileen %75 emakumeak dira, eta %45a autonomoak. Ordutegiei dagokionez, %90ak astelehenetik barikura arteko ordutegi zatituaren aldeko apustua egiten du. Zentroen %74ak irekitzen ditu ateak zapatu goizetan.
Digitalizazio prozesuan murgilduta dagoen gizartearen parte izanda, merkatariek ere olatu horretan murgilduta dabiltza. Udalak egindako ikerketak dioenez, komertzio lokalak “presentzia handia” dauka interneten. Datu bitxiagoetan murgilduz, zentroen ia %80a aurkitu daiteke Googleko eta sare sozialetako bilatzaileetan; %61ak bere webgune propioa dauka; %53ak WhatsApp Business erabiltzen du. Gainera, %40ak beraien produktuak internet bidez erosteko aukera eskaintzen du; bereziki, etxeko tresnak eta janzteko erropak saltzen dituztenek.
Etorkizuna, datuetatik abiatuz.
Negozioak funtzionatu dezan, ezinbestekoa izaten da jarraitu beharreko bidearen orria argi izatea. Merkatari gernika-lumotarrak horren jakitun dira, izan ere, %87ak kudeaketa programa bat dauka. %61ak, gainera, datuak batzen ditu analisi bat egin, eta etorkizunera begira hartu beharreko erabakiak adosteko.
Udaletik azaldu dutenez, merkatariek, gizarteko beste sektore askok bezala, “erronka asko” dituzte aurretik. Hala ere, ikerketak utzi dituen emaitzetan babestuz, uste dute herriko merkataritzak etorkizun itxaropentsu bat duela aurretik.
Era berean, Gernika-Lumoko Udalak azpimarratu du herriko merkatariekin elkarlanean jarraitu nahi duela. Etorkizuneko erronkei aurre egin, eta etorriko diren aukerak baliatzeko prest ikusten dute euren burua, beti ere helburu argi batekin: herriko garapen ekonomiko eta soziala bultzatzen jarraitzea.