Etxeberria eta Loza, Ajangizko ikuskizunaren zuzendari
Ajangizko X. Esku Pilota Txapelketaren finalak joaktu dituzte asteburuan [maiatzak 5]. Etxeberria-Loza bikotea 22-12 gailendu zaio Fernandez-Bernaola bikoteari, nagusi mailan.
Ajangizko Esku Pilota Txapelketaren X. ekitaldiak bereak egin ditu. Aldirik “jendetsuena” izan dela adierazita, antolatzaileek azaldu dute aurtengo lehiaketa “bikain” joan dela, eta irakurketa “guztiz positiboa” egin dute. Domekan [maiatzak 5] lehiatu zuten txapelketaren hirugarren eta azken jardunaldia: finalak. Egun berezi askoa izan zen, finalekin batera artisau azoka egin baitzuten estreinakoz; horrenbestez, hainbat eta hainbat izan ziren Mendietako herrigunera bertaratu zirenak, jai giroan murgilduta eta maila handiko esku pilota partiduez gozatzeko prest.
GRABNI txapelketak ordezko pilotari batzuk baliatzera behartu zituen antolatzaileak
Finaletarako, antolakuntzak zenbait aldaketa egin behar izan zituen, eta azken orduan ordezko pilotari batzuk kantxaratu ziren, “pisuzko” arrazoi bat tarteko: “Federakuntzen arteko GRABNI txapelketa lehiatu zuten, eta finaletan jokatzekoak ziren zenbait pilotarik bertan lehiatu behar izan ziren”. Hori horrela, nagusien arteko final handian, Irribarriaren tokia Fernandez errioxarrak hartu zuen, Bernaolagaz bikotea osatuz; aurrez aurre eduki zituzten Etxeberria eta Apeztegia ordezkatu zuen Loza. Fernandezek eta Lozak, hain zuzen ere, bezperan GRABNI txapelketa irabazi zuten, bikote legez. Maila Final “polita eta lehiatua” izan zen arren, antolatzaileek azaldu dute hasiera-hasieratik urdinek (Etxeberria-Loza) “freskotasun puntutxo bat gehiago” zutela frogatu zutela: “Bikote urdina dominatzen hasi zen; gorriak beraiei erantzutera mugatu behar izan ziren. Egia da Bernaola egundoko mailan aritu zela, baina Fernandezek ez zuen egunik distiratsuena eduki, beharbada, bezperako nekeagaz aritu zelako”. Tantoz tanto, Etxeberria-Loza bikoteak bidea egin zuen, eta 22-12ko markagailuagaz nagusitu ziren.
Sari banatzaile “berezia”.
Sari banaketa ekitaldiak protagonista handi bat eduki zuen. Oiartzundik Ajangizerainoko bidea espreski egin ostean, Baikoko atzelari profesional Ander Imaz izan zen sariak banatzeko ohorea eduki zuena. Imazek badaki Ajangizen garaile suertatzea zer den, eta “hunkituta” agertu zen: “Gogoan eduki zuen bere sasoian Ajangizko herriak hari ere berton jokatzeko aukera paregabea eskaini ziola; ordutik egun arte, bide txundigarria egin du pilota munduan. Hori dela eta, txapelketari eskertu egin gura izan zion hari emandako guztia”. Imazek bere herrikide bati eman zion nagusi mailako lehiaketako pilotaririk onenaren saria: Etxeberriari. Gainontzeko mailei dagokienez, benjamin mailan Mantzisidorrek jaso zuen txapelketako onenaren saria; kimu mailan, Xuban Bengoetxea; kadeteen artean, bere anaia Janitz Bengoetxea.
Alde horretatik, antolakuntzatik nabarmendu dute beste urte batez bete dela txapelketaren jomuga nagusia: hainbat tokitako harrobiari plaza eskaintzea. “Bizkaiko, Gipuzkoako edota Errioxako hainbat lekutatik bertaratutako jendea Ajangizen egon zen, ingurukoez gain; harrobia sendotzen eta formakuntza jorratzen segitzeko, garrantzitsua da hori. Beraz, pozik gaude jasotako jarraipenagaz eta edukitako babesagaz”. Hurrengo urteko XI. ekitaldiari begira, aurtengo formatuari eustea dute buruan: “Hasiera batean planteatu genuen beharbada azokak txapelketari itzala egingo ziola, baina aurtnegoagaz kargutu gara biak ala biak osagarriak direla. Aurtengo helburua erabat bete dugu; hurrengo urtekoa aurtengoari eustea izan beharko litzateke”.