Artearen bidez Euskal Herria munduan kokatu zuen artistari omenaldia
Gernika Memoriaren Lekukok Nestor Basterretxea omendu du artistaren jaiotza egunaren mendeurrenean.
100 urte bete behar zituen gaurkoan Nestor Basterretxeak. Efemeridea baliatuz, Gernika Memoriaren Lekukok “herri txiki bateko artista handia” gogoratu nahi izan du, Basterretxeak Kondor Legioaren lehenengo bonba jausi zen tokirako sortu zuen Suak eragindako agonia eskulturaren parean.
Memoria taldeak gogoratu duenez, bermeotarra artista “polifazetikoa” zen. Bere ibilbide luzean zehar, eskultura, pintura, diseinua, arkitektura edo zinea landu ditu Basterretxeak. Lorpenen artean, Gernika Memoriaren Lekukok nabarmendu du euskal artea eta kultura lehen lerroan kokatzea lortu zuela. Horrez gain, bertoko kultura eta artea munduan ezagutarazi zuen.
Basterretxean lanen artean, Arantzazuko kriptako margolana gogoratu dute. Basterretxeak lan hori azaltzeko eskaini zituen hitzak gogoratu dituzte: “Kosmosa sortuz hasten naiz; mitologiekin jarraitu, gizakiak arrazoi bidez ulertzeko gai ez dena azaltzeko; kristautasuna da hurrengo urratsa eta, azkenik, garaiotako zeinua, gerra, gerrak denboran zehar”.
Gerra, artearekin azalduta.
Artea eta gerra. Gerra eta artea. Asko izan dira sarraskia artearen bidez transmititzen saitu diren artistak. Basterretxea talde horren parte izan da, eta Gernika-Lumo da horren adibide. Suak eragindako agonia eskultura aukeratu dute omenaldia egiteko toki bezala, eta horren arrazoia izan da artea hizkuntza unibertsala dela; artearen bidez mundu guztia uler daiteke. Omenaldia bukatzeko, eskerrak eman dizkiote “maisuari”: “Gure Amalur hau artearen bidez zaintzeko hartu zuen arduragatik”. Ibai Amillategi Lilibertsoko kideak bertso pare bategaz borobildu du ekimena.