Kaleko katuak kontrolatzeko kanpaina gauzatu dute Bedaronan eta Natxituan
Lan hori aurrera eroateko hainbat herritarrek auzolanean egindako ekarpena "ezinbestekoa" izan dela nabarmendu dute udal ordezkariek.
Eako herrigunean egin legez, kaleko katuak harrapatu, antzutu eta berriz askatu dituzte Bedaronan eta Natxituan, animalien baldintzak hobetu eta kontrol barik ugaldu ez daitezen. Izan ere, udal ordezkariek gogoratu dute kale katuen kolonien hazkunde neurrigabeak arriskuan jartzen dituela beste hainbat animalia espezie, baita gizakien osasuna eta kalean bizi diren kantuena ere.
Horregatik harrapatu, antzutu eta askatu dituzte, eta ziurtatu dute lan hori aurrera eroateko “ezinbestekoa” izan dela hainbat herritarrek auzolanean egindako ekarpena: “Hainbat herritarren borondatezko ekarpenari esker gauzatu dugu ekimena”. Azpimarratu dute lanotan aritu diren herritarrek “sentiberatasun berezia” dutela animaliekiko, eta katuekiko “ahalik eta errespetu handienarekin” lan egin dutela.
Udal ordezkariek jakinarazi dute datorren urtean kanpainaren eragina neurtuko dutela, eta, beharrezkoa balitz, kanpaina berri bat egiteko diru saila gordetzea aurreikusi dutela 2025eko aurrekontuetan.