Porrota eta, gainera, min hartuta
Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrek 1-2 galdu dute Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzearen kontra, Bilbao Iron Cupeko lehen ligaxka jardunaldian. Gainera, Lekerikak besoan min hartu du; Iñigo Unda herrikide gazteak ordezkatu behar izan du.
Gogotik sufrituta izan bazen ere, Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarrak 2-1 irabazi zuten Bilbao Iron Cup txapelketaren lehen ligaxka jardunaldian, Xabier Barandika eta Unai Lekerika bikote gernika-lumotarraren kontra, iragan barikuan [maiatzak 3]. 13 urteren ostean, pala profesionala amaitu zenez geroztik, Bilboko Deportivo pilotalekuak ez du goi mailako txapelketarik hartu, eta Jai Alai Ligako zortzigarren lehiaketa puntuagarriak ez zuen kale egin: ikusleek maila handiko partiduez gozatu zuten.
Lehen seta ederra besteko berdindua izan zen, markagailua 13-13ra ailegatu arte. Unai Lekerikak besoan min hartu zuen eta, ezustean, bere herrikide Iñigo Undak ordezkatu zuen. Unda gazteak maila handia erakutsi zuen, baina bere joa ez zen nahikoa izan seta lortzeko; 15-14koagaz nagusitu zen Lea-Artibaiko puntista bikotea. Bigarren seta, zerbait izatekotan, berdindua izan zen. Barandikak, Undari presioa kenduz, presentzia handiagoa eduki zuen frontoian. Azkenean, Ibarluzearen akats batzuk tarteko, 14-15 gailendu ziren gernika-lumotarrak. Berdinketa haustean, Erkiagak ez zuen areriorik aurkitu eta, 5-0koagaz, bere legea ezarri zuen.
Goitiak eta Basquek, ezin.
Partidu nagusi hori orduko, aurtengo Pro-Am txapelketako irabazle Thomas Urrutia donibandarrak eta Julen Del Rio gasteiztarrak garaipen borrokatua lortu zuten Alex Goitia markina-xemeindarraren eta Thibault Basque bidartarraren kontrako neurketan. Goitia eta Basque ederto moldatu ziren frontoira eta norgehiagokara, eta 15-6ko markagailu sendoagaz irabazi zuten lehendabiziko seta.
Bigarrenean, Urrutia partiduan sartu zen, eta Del Riok bere eskumakadak hobeto prbestu zituen. 12-15ekoagaz nagusitu ziren Bidartekoa eta Gasteizkoa. Hirugarren setean, Basquek arazoak eduki zituen bere zestagaz, 2-3koagaz apurtu egin zitziaon eta. 4-4koagaz, Del Riok neurketa eskumaz borobildu zuen.