"Ez dago prentsa askatasunik kazetariak kartzelan badaude"
Gaur, nazioarteko prentsa askatasunaren egunean, kazetari elantxobetarraren gatibutza salatzeko eta kazetariaren "berehalako askatzea" exijitzeko ehunka lagun elkartu dira Gernika-Lumon.
“Ez dago prentsa askatasunik kazetariak kartzelan badaude, ez dago prentsa askatasunik kazetariek susmopean lan egin behar badute, ez dago prentsa askatasunik kartzela arriskua edo heriotza arriskua kazetarien beharraren gainetik badago. Horregaitik, eta egia merezi dugulako, kazetari aske, zorrotz, zintzo eta ausartak merezi ditugulako, Pavel askatu!”. Horiek dira, atzo, nazioarteko prentsa askatasunaren egunean, Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen bikotekideak esandako berbak, herritarrek txalotutakoak.
Izan ere, prentsa askatasunaren nazioarteko egunaren eta Gernikako bonbardaketaren testuinguruan, kazetaritzaren balioa indarrean jarri zuten Gernika Memoriaren Lekuko plataformako kideek zein herritarrek, “munduko edozein gatazka guneetan kazetaritza konprometitua jazarria dagoelako”.
Horregatik, eguna aprobetxatuta, Pablo Gonzalez kazetariaren atxiloketatik bi urte eta bi hilabeteetara, ahotsa altxatu zuten berriro, kazetari elantxobetarraren gatibutza salatzeko, eta bere berehalako askatasuna aldarrikatzeko. Gonzalezi zortzi aldiz luzatu diote espetxealdia denbora horretan, epaiketarik barik, oztopo juridikoz beteriko prozeduran, isolaturik eta etxetik urrun dagoela.
Ondorioz, bere egoeragatik kezkatuta, kazetariaren “berehalako askatzea” exijitu zuten, “ezinbestekoa” baita Gonzalez Euskal Herrian eta hurkoekin egotea. “Prentsa askatasunaren aurkako erasoa da hori. Horregatik diogu, prentsa askatassuna oinarrizko eskubidea izanik, defendatu beharra dagoela. Eta, beraz, Pablo defendatzea dagokigula”. Hala, elkartasuna adierazi zioten kazetariari, bere senideei eta hurbilekoei, beste herrialde bateko ezarpen judizial baten menpean gatibu egotea “muturreko egoera” dela eta “eskubideak urratzen” dituela arrazoituta.
Gainera, Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak izandako “utzikeriazko jarrera” salatu zuten, Poloniako estatuari “inpunitate osoz” jokatzeko aukera eman diotelako.
Hain zuzen ere, gaur gaurkoz Europan bi kazetari daudela preso gogoratu zuen Goirienak: Jullian Assange eta Gonzalez; Estatu Batuetako greba krimenak salatzearren espioitzaz akusatuta dago bata, Errusiarentzako espioitza lanak egiteaz, elantxobetarra.
“Pavel ez zen kazetari ezaguna atxilotu orduko, ez behintzat publiko orokorrantzat, orduan hasi baitzen nabarmentzen La Sextarentzako ukrainiar errefuxiatuentzako berri ematen hasi zela eta. Baina Pavel ez da edonor, bera ez da gatazkak lehertzen direnean gune horietara hizkuntzaz eta kulturaz ezer jakin barik bidaltzen duten horietakoa. Ez. Pavel aditua da sobiertar batasunaren osteko gune horretan, batez ere Ukrainari buruzko gaietan. Bera izan zen Nagorno Karabajeko gerran gure begi eta belarri; bera izan zen erdal hiztunei Euromaidanen berri eman ziena; bera izan zen Donbasseko gerra lehertu zenean han egon zena bateko eta besteko lubakietan egi guztiak batzen, testigantza guztiak jasotzen, ahal zuenik eta egia borobilena, zorrotzena eta zintzoena ematen”, argudiatu zuen Goirienak. Gehitu zuen ezin dela jakin gaur egun ze albiste ekarriko zukeen, eta dakiten bakarra dela “bi lapurtu” dizkiotela: “Familiarekin bizitzako urte bi lapurtu dizkiote, baita bere ibilbide profesionala hondatu ere. Eta, guk, egiaren parte bat galdu dugu bera kartzelan egonda”.
779 kazetari espetxean.
Gonzalezen kasuaz gain, euskal kazetaritza jazarrita egon dela ere gogoratu dute, Estepan Urkiaga Lauaxetaren kasua plazaratuz; Gernikako bonbardaketatik egun eskasera, udalerrira hurbiltzen ari zela atxilotu zuten. “Zer jakingo zuen munduak George Steer kazetaria bezalako korrespontsal konprometituak gure aurkako sarraskiaren aurrean hemen egongo ez balira? Edo, Eginen –orain dela 26 urte– edota Egunkariaren –duela 21 urte– aurkako itxierak prentsa askatasunaren aurkakoak ez badira?”, gogoeta kaleratu dute.
Hori esanda, iaz, munduan 779 kazetari espetxean egon zirela, eta horietatik 547 aurten espetxean mantendu dituztela jakinarazi dute, Reporteros sin fronteras-en datuen arabera. Baina ez hori bakarrik, Gazaren aurkako sarraskiaz geroztik Israelgo estatuak 115 kazetari hil dituela esan dute, zazpi hilabetetan; horietatik 22 lanean ari zirela erail zituzten.
Kazetaritza delitua ez izateaz aparte, herritarren eskubidea ere badela nabarmendu dute gaur: “Gu guztiok informatuta egoteko oinarrizko eskubiderako bermea da kazetaritza, eta, boteretsuek errepresio, mehatxu, espetxeratze eta erailketen bitartez ezabatu gura duten lanbidea da. Historian adibide ugari ditugu horren lekuko. Gernika da horren lekuko”.