Ehun urte, mila esker
Ehun urte beteko zituen astelehenean (maiatzak 6) Nestor Basterretxeak. Hori dela eta, Barrueta arte elkarteak erakusketa bat estreinatu, lagunek mahainguru bat antolatu, eta udalak omenaldi bat prestatu du. Artistaren senitarteko eta lagunak izan dira omenaldi ekitaldietan.
1924ko maiatzaren 6a egun zinez garrantzitsua izan zen Euskal Herriko artearen etorkizunerako. Egun horretan jaio zen Nestor Basterretxea artista bermeotarra, eta inork Bermeo ezagutzen ez bazuen, bera arduratu zen horiei Bermeo mapan kokatzeaz. Basterretxeak bizirik iraun zituen 90 urteetan handik eta hemendik eraman zuen Bermeoren izena, eta urte askoan kanpoan bizi izan zen arren, bere senitarteko eta lagunek gogoratu dutenez, ez zuen inoiz bere jaioterria ahaztu. Artista bermeotarraren 100. urtegunaren atarian, ehun lagun inguru batu dira omenaldi ekitaldietan.
Ospakizun eta omenaldiei hasiera emateko, Barrueta Arte Elkarteak Basterretxea omentzeko prestatu duen Nestor lagun artean erakusketa inauguratu du, Nestor Basterretxea aretoan. Erakusketak artistak bere ibilbidean zehar herrikide eta lagun desberdinei oparitu dizkien obrak batzen ditu, eta horietako asko orain arte “ikusi ezin izan direnak” dira. Estreinaldian izan dira Basterretxearen senitarteko eta lagunetako asko, eta Pedro Laspiur Barrueta Arte Elkarteko lehendakariak hartu du hitza. Arte elkartearentzako erakusketa “oso garrantzitsua” dela azaldu du.
Elkarteak eta Basterretxeak lotura estua izan dute. Laspiurren hitzetan, beti zeuden harremanetan, eta Basterretxeak asko lagundu ziela aitortu du. Gainera, familiarekin ere hurbileko harremana izan dutela gogoratu du: “Nestorren aitona Bermeoko zinegotzia zen, eta berak sinatzen zituen Barruetaren bekak”, esan du. Erakusketari dagokionez, azpimarratu du proiektua martxan jartzen hasi zirenean ez zekitela gaur zer izango zuten esku artean. Bazekiten Nestorrek artelan asko oparitu zituela herritarren artean, baina horiek batzea ez zen lan erraza, eta esfortzu eta dei askoren ostean, erakusketa eder bat geratu dela uste dute. Errealismoarekin, kubismoarekin edo espresionismoarekin lotutako artelanak aurkituko diren arren, arte elkartekoen ustez, hori ez da nabarmendu beharrekoa: lan horien atzean dagoen musika eta maitasun handia ulertzea bilatzen dute.
Gorka Basterretxea: “Herrigintzan aritu den pertsona izan da aita; pertsona herrikoia zen. Erakusketak ezin hobeto irudikatzen du bere nortasuna. Gaur Bermeon gaude, baina laster Irunen ere antolatuko dute antzerako erakusketa bat, eta bertan ere ezagutzen ez ditugun lanak erakutsiko dituzte”.
Erakusketaren estreinaldian izan da Nestorren seme Gorka. Harrituta geratu da erakusketan ikusitako lanekin, horietako batzuk “inoiz” ez baitzituen ikusi, eta “ilusioa” eragin dio horiek ezagutzeak. Barruetakoek antolatutako erakusketa aitaren isla dela nabarmendu du semeak. “Herrigintzan aritu den pertsona izan da aita; pertsona herrikoia zen. Erakusketak ezin hobeto irudikatzen du bere nortasuna. Gaur Bermeon gaude, baina laster Irunen ere antolatuko dute antzerako erakusketa bat, eta bertan ere ezagutzen ez ditugun lanak erakutsiko dituzte”, aurreratu du Gorka Basterretxeak.
Nestorren inguruko mahaingurua.
Erakusketaren ostean, Nestorren lagunak ikus-entzunezko lanaren emanaldia iritsi da. Laburmetrai antzerako horrek Bermeoko Turismo Bulegoak eta Alberto Bilbaok orain dela urte batzuk ekoiztutako irudiak jaso ditu. Bertan, Nestorren txikitako lagun bati eta artistari berari egindako elkarrizketa bat ikusi dituzte hurbildutakoek. Basterretxearen gazte aroa, artista ibilbidea eta Bermeon egin dituen lanak errepasatu dituzte ikus-entzunezkoan.
Nestor Basterretxea aretoko pantaila handian eskainitako lana bukatzearekin bat eman diote hasiera Iratxe Astui kazetariak gidatutako Nestor lagun artean solasaldiari. Mahaingurua osatu dute bere lagun izan ziren Pedro Laspiurrek, Nestorren Bermeoko kuadrilako Aingeru Astuik, artistaren hurbileko laguna zen Goienetxeak eta Alberto Astuik. Ordu erdi luzetxoz hitz egin dute Basterretxearen inguruan. Birpasatutako gaien artean izan dira Basterretxearekin izandako harremana, Bermeon zehar dauden artistaren lanak edo berarekin batera bizitako pasadisoak. Denek egin dute bat umore oneko gizona zela, beti irudikatzen zuela barretxo bat eta edonori laguntzeko prest zegoela. Denek gogoratu dute zenbateraino maite zuen Bermeo, eta kanpoan bizi arren, herriarekiko izugarrizko atxikimendua zuela nabarmendu dute.
Izaro irla omen zen Nestorren “neskalaguna”, eta haretaz maiteminduta zegoela zioen, lagunek esandakoaren arabera. Amodio istorio horren isla da Eusko Legebiltzarrean nabarmentzen den Izaro eskultura. Lanaren erdiko elementuak Izaro irla islatzen du, eta inguruan dituen zazpi luzapenak Euskal Herriko zazpi lurraldeen ispilu dira. Euskarari ematen zion garrantzia ere azpimarratu dute hitzaldian zein laburmetraian. Basterretxeak elkarrizketan kontatzen zuen nola Parisen egindako erakusketa batean lanen tituluak euskaraz idazteko derrigortu zituela antolatzaileak; bestela, erakusketa kenduko zuen. Lagunek nabarmendu dute Ibilaldiaren aldeko lantxo bat ere egin zuela, eta herriak edozer behar zuenean laguntzeko prestutasuna erakusten zuela. Horren adibide, Hegaluze Saria.
Udalak ere omendu du.
Udalak ere ez du astelehenean ehun urte beteko dituen artista omentzeko aukera galdu nahi izan, eta 13:00etan Frantziskotarren komentuan egin den ekitaldian izan dira. Lehenik eta behin, Alkartasuna dantza taldekoek aurreskua eskaini dute, eta ostean, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk hartu du hitza. “Bere bizitzako lehenengo urteak gu egunero ibiltzen garen kaleetan egin zituen, egunero ikusten ditugun bazterretan olgetan ibili zen eta egunero arnasten dugun kresal usaina arnastu zuen”, esanez hasi du hitzaldia.
Alkateak gogoratu du artistak 9 urte zituela, aitaren jarduera politikoa zela eta, Frantzian eta Argentinan erbesteratu behar izan zela. 1955ean bueltan etorri zen Euskal Herrira eta bertoko beste hainbat artistarekin batera, Oteiza, Chillida, Ibarrola eta abarrekin batera talde artistiko esanguratsuen sortzaileetariko bat izatera heldu zen, Nemehren esanetan.
Nadia Nemeh Shomaly: “Eskatu zaion guztietan gure herriagatik egin duenagatik, geure herrikidea izateagatik eta euskal kulturan izan denagatik eta gaur egun ere suposatzen duenagatik, ez dugu bere jaiotzaren mendeurrena ospatzeko aukerarik galdu izan nahi”.
Bermeoko herriak Basterretxea “asko” maite duela nabarmendu du alkateak, eta herriarengatik egindako dena eskertu dio. “Eskatu zaion guztietan gure herriagatik egin duenagatik, geure herrikidea izateagatik eta euskal kulturan izan denagatik eta gaur egun ere suposatzen duenagatik, ez dugu bere jaiotzaren mendeurrena ospatzeko aukerarik galdu izan nahi”, adierazi du.
Gaurkoan, argi geratu da Bermeok, Basterretxeak herria maite zuen beste, maite duela artista, eta herriko sinbolo eta harrotasun bezala gordetzen dute beraien memorian. Beti izan delako, eta beti izango delako, bermeotar bat.