Eskola jazarpenaren aurka abestu dute
San Fidel eta Seber Altubeko ikasleek eskola jazarpena salatu dute abesti, bertso eta antzerki bidez.
Moduak eta moduak daude problematika bati aurre egiteko. Segundo Olaeta Musika Eskolakoek argi dute euren bidea: musika bidez kontzientzia piztea. Hirugarren urtez jarri dute martxan Kausa bat, Kantu bat proiektua, eta aurton aukeratutako kausa eskola jazarpenarena izan da. Atzoko eguna (maiatzak 2) Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela aprobetxatuz, atzo hasi zituzten eskualdeko ikastetxeekin egingo dituzten ekimenak; atzo, gaur eta astelehenean antolatu dituzte, Lizeo Antzokian.
Gaurkoan, San Fidel eta Seber Altube ikastoletako ikasleen txanda izan da. San Fidelekoak arduratu dira ekitaldiari hasiera emateaz, eta azkenengo asteotan prestatzen ibili diren abestia kaleratu dute. Gaur eguneko gizarte honetan presioak txertatuta, norgehiagoka eten gabean bizi direla ukaezina dela azaldu dute. Abestiaren esanetan, burua estresatuta izatearekin lotuta egoten da indarkeria maiz. Gainera, eskola giroan entzuten diren esanahietako batzuk gaitzetsi dituzte, hala nola, “pilak jarri” edo “azkena putxi” bezalakoak.
Jazarpena etengabe lehian dabilen gizarteak utzitako ondarea dela salatu, eta horren aurrean zentzuz jokatu behar dela eskatu dute. “Gaur egunean arazo latza da eskola jazarpena, ikasgiroa eta elkarbizitza aldrebesten dituena. Horregaitik gure aldetik merezi du gaitzespena, jazarpen oro beti salatu eta babestu ahulena”, dio abestiak.
Seber Altubekoek, ordea, beste formatu baten aldeko apustua egin dute: bertsoak eta antzerkia uztartu dituzte. Bost gairen inguruko pasarteak kantatu eta antzeztu dituzte: Jazarpen desberdinak, ahozko jazarpena, jazarpen fisikoa, ziberjazarpena eta izkutuko jazarpena izan dira aukeratutakoak. Lehenengo bertsoan azaldu dute jazarpenaren erruz jende asko dagoela txarto, eta bitartean txarto pasatzen dabiltzenak mintzen jarraitzen dituzteña. Egoera horien aurrean mundua ixilik geratzen dela salatu dute.
“Ikastolara heldu/ naiz gogorik gabe/ eskailerak igoten/ bultzatu egin naute/ barre egin didate/ negar egin arte/ ia norbait jartzen den/ noizbait nire alde“. Horrela azaldu dute jazarpen fisikoa jasaten dabilen gazte baten kasua. Bertso txalotuenetarikoa izan da. Ziberjazarpenaz jardutean, WhatsAppez bidalitako mezu batzuen kasua azaldu, eta “joko oso iluna” dela azpimarratu dute. Bost gaien inguruan kantatu ondoren, jazarpenaren inguruko hausnarketa bat haizeratu dute: “Denok entzun duzue/ doinuarengatik bertso hauek kantatzen/ ez gaudela pozik/ bullyngaren kontua/ dago betidanik/ hori ikusiz gero/ ez egon ixilik“, eskatu dute.
Jazarpen kasuak.
Ikastolen erakustaldiaren ostean, musika eskolako arduradunek hartu dute ekitaldiaren batuta. Gaia eta musika lotuz, Juan Manuel Montilla ‘El Langui‘ ren kasua azaldu dute. Garun paralisia duen aktorea eta abeslaria da Montilla. Bere mugiketzeko gaitasun murriztua zela eta, jazarpena jasotzeko aukerak zituela azaldu izan du maiz aktoreak. Hala ere, bere txikitako lagunak ez ziren inoiz berarekin sartu, eta horiek bezalako pertsona ausartak behar direla aldarrikatzen duen “Se buscan valientes” rap-a abestu dute ikasle guztiek gaurkoan.
Ostean, Taylor Swiften gaztetako esperientzia azaldu dute. Abeslari estatubatuarrak, hamabi urte zituela, jazarpena jasan zuen, eta gaur egun zabaltzen duen mezua goraipatu dute: “Ez zaitez desberdin egiten zaituenaz lotsatu. Indartu ezazu zure alde hori”, eskatu dute.
Ekitaldi amaieran iritsi da autongo proiektuaren aurkezpena. Gorka Escauriazaren musikarekin eta Jon Maia bertsolariaren hitzekin sortutako eskola jazarpenaren aurkako abestia irudikatu dute Lizeoko pantaila handian. Bertan, Ross musika eskolakoen koreografiarekin egindako bideoklipa erakutsi dute, eta azaldu dute Youtuben dagoela ikusgai.