Egurre Gazte Asanbladak Gazteurrena ospatuko du zapatuan
Egun osoko egitaraua antolatu du zapatuan [maiatzak 4] Pasealekuan: "Egindako lana mahaiganeratzeko eguna dela uste dugu".
Hamar urte ez dira egunero betetzen eta horregatik Gernika-Lumoko Egurre Gazte Asanbladak Gazteurrena ospatuko du zapatuan [maiatzak 4] egun osoko egitarauagaz. Hain zuzen ere, herriko gazteei elkartzeko eta harremantzeko espazio bat eskaini nahi diete: “Azken hamar urteetan egindako lana mahaiganeratzeko eguna dela uste dugu eta era berean, borrokan jarraituko dugunaren dei bat zabaldu nahi dugu”.
Horretarako, askotariko ekintzak antolatu dituzte. Hamburguesa txapelketa egingo dute denek elkarrekin jateko. 17:00etan jolasak egingo dituzte, ping-pong, briska eta futbolin, eta kontzertuak 20:30ean hasiko dira: Ziraun, Xsakara eta DJ BarbII, Pasealekuan.
“Antolaketa oso ondo joan da, beste hainbat proiektuta gaude murgilduta, baina dena bateratzeko ahalegina egin dugu. Horregatik, igual apur bat berandu kaleratu dugu dena, hala ere, pozik gaude”. Egitarau “desberdin” baten aldeko apustua egin dute, hamburguesa txapelketagaz adibidez, eta gazteek proposamena gustuko izan dutela diote.
Atzera zein aurrera. Egurrentzako ikasturte “potentea” izaten ari da, oraindik esan ezin diren proiektu asko dituzte martxan eta batez ere ibilbide horrek kideak aberasten ari direla nabarmendu dute. “Gazteak aktiboak izan behar gara, gure etorkizuna baitago jokoan eta horregatik Gazte Asanblada ezagutzera emateko eta jende berria hurbiltzeko lanean gaude”.
Hamargarren urteurrena ospatzeari ere garrantzia eman diote, ibilbidea “ikaragarria” izan delako. “Jende desberdinagaz ekintza asko aurrera eraman ahal izan ditugu eta horiek politikoki hezteko balio izan digute. Gainera, Gazte Asanbladak Gernikako eta inguruko gazteak harremantzeko espazioak sortzeko balio izan du”. Aurrera begira ere horrela jarraitu nahi dute: “Habemus Papameko abestiak esaten duen moduan, hamar urtez egurra emoten, eta holan jarraitzeko esperantzagaz eta gogoekin”.