Abiadurarekiko militantzia
Busturialdeko Inertzia Kopa sortu dute, eta lehen proba Ajangizen lehiatuko dute datorren astean. Antolatzaileen iritziz, helmuga eremua izango da "erakargarriena".
Gernika-Lumo eta inguruetako motor eta abiadura zaleen egutegian gorriz markatuta dagoen eguna izaten da abuztuaren 15a. Gernika-Lumoko jaien baitan, Lumotik Merkurioraino doan goitibehera lasterketa ospatzen da urterik urte egun horretan. Busturialdeko Inertzia Kopako antolatzaileentzat ere egun berezia izaten da, eta 2023ko abuztuaren 15a jomuga eguna izan zen: parranda giroan zebiltzala, eskualdeko goitibera kopa bat sortzea okurritu zitzaien. Parranda giroan sortzen diren proiektu eta ideia gehienek ez bezala, eskualdeko gazte horien ametsa egi bihurtu, eta bederatzi hilabete geroago, beraien ametsa jaio da.
XX. mendeko bigarren eta hirugarren mendeetara bidaiatu behar da goitibeheren jaiotza ulertzeko. Garai haretan, Euskal Herriko familien baldintza urriak kontutan hartuz, etxe gehienetan ez zeuden jostailuak. Gauzak horrela, gurasoek eta aitona-amonek inguruan aurkitzen zituzten materialekin sortzen zituzten umeak entretenitzeko tresnak. Horrela sortu ziren lehenengo goitibeherak.
Urteek aurrera egin ahala bizirik dirauten jostailuak dira nagusi egitean jendearen oroitzapenean zintzilikatuta geratzen direnak. Horien adibide garbia dira goitibeherak. Egoera, baina, ez da guztiz pozgarria. Orain dela pare bat hamarkada, herri gehienetako jaietako programazioetan egoten ziren goitibehera lasterketak. Gaur egun, ordea, gutxi dira kirol horren aldeko apustua egiten dutenak, eta orain arte, Urdaibaiko eskualdean, Gernikan eta Muruetan baino ez ziren lasterketa horiek ikusten.
Orain arte, Urdaibaiko eskualdean, Gernikan eta Muruetan baino ez ziren lasterketa horiek ikusten.
Hori amaitu egin da. Busturialdeko Inertzia Kopako gazteak arduratu dira egoera horri buelta emateaz. Lanak, pasioak eta abiadura munduarekiko militantziak bultzatuta, momentuz lau lasterketa izango dituen inertzia kopa sortu dute. Ajangizen izango du estreinua kopak, maiatzaren 11n.
Noizbait antolaketa lanetan ibili direnek jakingo dute abiadura lasterketak antolatzeak ikaragarrizko lana eskatzen duela. Kale eta errepide publikoak hartzen dituztenez, udal eta erakunde desberdinekin hitzartu eta adostasunetara iritsi behar da. Gazte taldea bat-batean jarri zen udal desberdinekin harremanetan, eta lehen unetik adostasunak egon ostean, lasterketak aurrera ateratzea lortu dute.
Baimen guztiak mahai gainean izanda, buruhauste handienak dakartzan gaien txanda etorri ohi da: finantziazio kontua. Goitibehera lasterketen kasuan, anbulantzia eta jaitsieran denbora hartzen duen zerbitzuak kontratatu behar dira, besteak beste. Ez hori bakarrik, lasterketako asegurua ere lotu behar izaten dute. Azken hori, askotan, jaietako aseguruan baitan sartzea lortzen da, eta horretarako denbora tarte handi samar batekin egin behar dira kudeaketok.
Garai hauetako tendentzien aurka, abiadura munduak militante talde sendoa mantentzen du. Horiek gabe ezinezkoa da lasterketak aurrera ateratzea. Izan ere, lehiaketa egunetan ezinbestekoa izaten da laguntzaileen papera; komisarioak, kudeatzaileak eta laguntzaileak behar dira. Hori dela eta, laguntzaile talde sendoa duten arren, antolatzaileek froga egunetarako bolondresak bilatzen dituzte. Hala nahi duenak, sare sozialen bidez kontaktatzeko aukera izango du antolatzaileekin.
Euskal Herrian, ohitura.
Goitibeherak euskal kirol kulturaren parte direnez, benetan zaleak direnek ez dute kirol hori hiltzen utziko. Hori da, hain zuzen ere, Euskal Kopako antolatzaileek bilatzen dutena: bizirik irautea. Euskal Kopakoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lasterketak antolatzeaz arduratzen dira. Federazio batek egiten dituen antzeko lanak egiten dituzte, eta lasterketetako antolatzaileei laguntza eskaintzen diete. Dirurik kobratzen ez duten arren, lasterketak egiteko egin behar diren tramiteak egiten laguntzen dute. Baldintza bakarra jartzen dute: lasterketa horiek Euskal Koparako ere puntuagarriak izatea. Horrela, beraz, Busturialdeko Inertzia Kopa lehiatuko dutenek Euskal Kopako sailkapenagatik ere borrokatuko dute.
Probei dagokienez, lehenengo hirurak proba nahikoa laburrak izango dira. Estreinakoa, Ajangizkoa, Eleizalde auzotik abiatuko da. 180 gradutako pare bat bihurgune osatu ostean, errekara bajatuko dira, bertan ezkerretara eginez. Antolatzaileen ustez, helmuga ingurua izango da erakargarriena: “Errekara jausteko arriskua izango da. Ez dago babesik jartzeko aukerarik eta abiaduraz pasatuta heltzen denak arrisku hori izango du”.
Abuztuaren 3an jokatuko da Muxikakoa. San Roman auzoko ermitan hasiko dute ibilbidea, eta udaletxe pareko aparkalekuraino bajatuko dira. Bihurgune gutxi dituen zirkuitua izanda, abiadura azkarrak hartuko dira egun horretan. Bihurguneetara gehiegizko abiadurarekin iritsi ez daitezen, horiek baino leheneago, sigi-saga batzuk egin beharko dituzte pilotuek.
Azkena, Mendatakoa, politena izango dela uste dute. Inoiz egin ez den lasterketa izanda, erakargarria dela diote.
Muruetakoa, irailaren 8koa, “mitikoa” da. “Oso laburra” den ibilbidea izanik, azkarrenek minutu inguru tardatuko dutela kalkulatzen dute antolatzaileek. Malda handiko aldapa batetik jaitsiko dira, eta bihurgune bat baino ez dute egin beharko, bihurgune oso arriskutsua.
Azkena, Mendatakoa, politena izango dela uste dute. Inoiz egin ez den lasterketa izanda, erakargarria dela diote. Hilerritik aterata, Lamikizerantz egingo dute goitibeherek. Tarte horretan aurkituko dute zailtasun nabarmenena: errepideak goranzko joera hartuko du tarte labur batean, eta ez dakite ziur goitibeheratik jaitsi gabe pasatuko duten. Hori pasata, etxe artetik egingo duten ibilbidea erakargarria izango da. Berrekondoko kurtzea gomendatu dute antolatzaileek, “leku ikusgarria” baita ikusle bezala hurbiltzeko.
Geratzeko iritsi dira gazte horiek. Ez dute kirol hori galtzen utziko, eta hurrengo urteetara begira froga gehiago antolatzeko asmoa dute. Paresi eta Gernika-Lumokoa dituzte helburutzat, besteak beste. Lortu ala ez, argi dago gazte horiek bolondres egindako lana benetan txalogarria dela. Eskualde honek badituelako goi-mailako gazteak.