218 jazarpen kasu atzeman dituzte Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako eskoletan
2023-2024 ikasturteko datuak dira. Atzemandako kasuek ez ezik, aztertutakoek ere gora egin dute: 1.543 kasu aztertu zituen iaz Hezkuntza sailaren ikuskaritzak; 2021-2022 ikasturteetan, berriz, 1.098 kasu aztertu zituzten, eta horietatik 157 atzeman.
Iazko ikasturtean 218 jazarpen kasu atzeman zituzten Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako eskoletan, aurreko urtean baino 61 gehiago. Hala jakinarazi zuen atzo (maiatzak 2) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela baliatuta. Atzemandako kasuek ez ezik, aztertutakoek ere gora egin dute, izan ere, 1.543 kasu aztertu zituen iaz Hezkuntza sailaren ikuskaritzak, kasurik egon zen edo ez argitzeko; 2021-2022 ikasturteetan, berriz, 1.098 kasu aztertu zituzten, eta horietatik 157 atzeman. Hala, %40 hazi dira Jaurlaritzara aztertzeko heldu diren eskola jazarpen datuak. Hala ere, ehunekoei begiratuta, jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruak bere horretan jarraitzen du: aurreko ikasturtean bezala, aztertutako kasuen %14 eskola jazarpen gisa baieztatu zuten.
Hori dela eta, hamarkada pasatxoan etengabe areagotu Hezkuntza ikuskaritzak aztertutako eskola jazarpen egoeretan jarduteko protokoloek: 2008-2009 ikasturtean 75 ziren, eta 1.543 izan dira iazko ikasturtekoak. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearen berbetan, hori ezagutza handiagoa dagoelako gertatu da: “Agerikoa da hezkuntza komunitate osoak gero eta inplikazio handiagoa eta etengabekoa duela eskola jazarpenaren aurkako borrokan”. Sentsibilizazio, prestakuntza eta jarraipen handiago horri esker, zalantza txikienaren aurrean kasu posible bakoitza aztertu egiten dela eta protokoloa abian jartzen dela azpimarratu du: “Datu horiek azaltzen dituzten arrazoien artean, aipatzekoa da azken urteetan ikuskaritzak zeregin aktiboagoa izan duela gai horren aurrean, baita detekzio tresnen hobekuntzan ere”.
Zifrak aztertuta, DBHko 1. eta 2. mailetan gertatu ziren jazarpen kasu gehienak, horien guztien %47. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila guztiak kontutan hartuta, horien %61 dira aztertutakoak. Aipatzekoa da kasuen %27an jazarpena sare sozialen, Interneten edo beste edozein bitarteko zibernetikoren bidez gertatu dela nagusiki: Ziberbullying kasutzat hartu dira.
Gehin gertatzen den jazarpen mota, dena den, hitzezko erasoa da, baieztatutako kasuen %85,7an azaldu baita. Bazterkeria kasuen %53,6an atzeman da, eraso fisiko zuzena %34,8an, zeharkako eraso fisikoa %33,9an, eta larderia, txantaia edo mehatxua biltzen dituen kasuistikak kasuen %33,03an agertu dira.