Tradizio bihurtu diren ekintzak eta berritasunak uztartuko dituzten jaiak
Domekarako [maiatzak 5] antolatu dituzte lehenengo ekitaldiak. Tartean, lehenengo artisau azoka.
Itxaronaldi luzea izan da. Hilabeteak eta hilabeteak uda giroko herriko jairik gabe. Baina bukatu da. Ez da gehiago itxaron behar. Urtero legez, Ajangizko jaiak arduratuko dira eskualdera uda usaimena ekartzeaz, eta aurton ere ez dira labur geratu: bederatzi egunetan antolatu dituzte ekintzak. Egitarauak Ajangizko jaietan tradizio bihurtu diren ekintzez gain, berritasunak dakartza.
Domekan [maiatzak 5] hasiko dira ajangiztarren motorrak berotan sartzen. Izan ere, Esku Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira. Lehenengo egunean iritsiko da, hain zuzen ere, lehenengo berritasuna. Aurton, artisau azoka antolatu dute, estreinakoz, Mendietako Plazan. Zazpi postu egongo dira, eta azaldu dutenez, datorren urteei begira, geratzeko etorri den azoka da. Gainera, taloa jateko aukera egongo da.
Maiatzaren 8an, eguaztenean, ohikoa duten legez, Errenteria Ajangiz zela aldarrikatuko dute. Horreterako, Errenteriko zubitik abiatuta, Saragi Igoera egingo dute, plazara arte, auto ilaran. Ostean, herriko dantza taldeak Soka Dantza eskainiko du, eta makailua jateko aukera izango dute plazan.
Hurrengo egunean, Asentzio egunez, mezan batuko dira goizean, eta briska txapelketan iluntzean. Txokolatearekin eta ogiarekin beteko dituzte tripak karta jokoan ibiliko direnek.
Kontzertuen txanda.
Musikazaleen plaza da Ajangizkoa. Goi mailako kartelak plazaratu ohi dituzte azkenengo urteetan, eta aurton ere mailako taldeak taularatuko dira. Gautegiz-Arteagako Txoriburu taldeak eragingo ditu gaueko lehen saltoak, Elizpean. Ostean, plazara mugituko dira musika taldeak, eta bertan izango dira Katu, Ibil Bedi eta Zazpizar erromeria. Bukatzeko, DJ Whizky arduratuko da gaua behar bezala bukatzeaz.
Kultur Etxeko arduradunek azaldu dutenez, kontzertuen egituraketak «orain dela urte pare bat» estreinatutakoa jarraitzen du. Alegia, lehenengo kontzertua elizpean egitea, eta ondorengoak plazan ospatzea. Estiloei dagokienez, eskualdeko kideen gustuak asebetetzen saiatu direla azaldu dute. Gainera, azkenengoo urteetan punkagaitik, rockagaitik eta oi! estiloegaitik egin diren apustuak baztertu, eta gaur egun bolo-bolo dabilen estilo baten alde egitea erabaki dute. Eskualdeko taldeen aldeko apustua ere egin dute.
Kirolak beti dauka bere tokitxoa Ajangizko jaietako kartelean. Aurton, gainera, berritasun bat dakar: maiatzaren 11an ospatuko den gohitibera lasterketa. Arratsaldean, Mus txapelketan batuko dira.
San Isidro eguna da maiatzaren 15a, eta ospatzeko, hamaiketako herrikoia izango dute ajangiztarrek. Bariku horretan, kulturarako tartea eskaini dute. 21:00etan hasita, Jon Ander Urrestiren eta Beñat Urrutiaren Eukalyptus lana antzeztuko dute, elizan.
Maiatzaren 18an, egongo da Ajangizen zer egin, eta egun osoan zehar, gainera. 11:00etan, I. frontenis txapelketako finala jokatuko da. Herritarren proposamen batetik sortu den txapelketa da hilabetez jokatze ibili direna, eta bikote mixtoetan parte hartu behar izan dute.
Sukalkia, izar.
Eguerdian, ekintza arrakastatsuenetariko batek hartungo du herriko plaza: sukalkiak. Goizean zehar, sukalkiak kaudrila artean prestatu ostean, 14:300ean aurkeztuko dituzte denak; 15:00etan dastatuko dituzte lasai-lasai egindako putxerak. Adin guztietako herritarrak pozteko asmoz, 17:00etan umeentzako jolasak antolatu dituzte, eta 18:30etatik aurrera, musika jarriko dute herrian jai giroa mantentzeko asmoz.
Tradizioei jarraituz, mendi martxan agurtuko dituzte herriko jaiak. Maiatzaren 26rako deitu dute XV. Mugari Bira. 08:30ean aterako dira martxa luzean parte hartuko dutenek, eta hemeretzi kilometro egin beharko dituzte, berriz ere herriko plazara heltzeko. Laburraren aldeko hautua egingo dutenek, ordea, hamaika kilometro egingo dituzte.
Ajangizeko jaien baitan antolatutako ekitaldiak adin eta gustu guztietako jendeangan pentsatuta daude, eta beste urte batez, giro ederrean ospatzea espero dute.
Egitaraua.
Maiatzak 5, domeka.
11:00. Esku Pilota Txapelketa Finala .
11:00. Talo txosna .
11:00. Artisau azoka .
Maiatzak 8, eguaztena, bezpera eguna.
21:00. Saragi igoera Errenteriko zubitik.
Ostean. Makailau jana Mendietako plazan eta Soka Dantza Ajangizko Dantzarien eskutik
Maiatzak 9, eguena, Asentzio eguna.
12:00. Meza.
20:00. Briska Txapelketa, Pertxamendi txokoan.
Maitazak 10, barikua.
21:00. Txoriburu, elizpean.
22:00. Plazan: Katu . Ibil Bedi . Zazpizar erromeria . DJ Whizky
15:30. Goitibehera txapelketa
18:00. Mus txapelketa.
21:00. Jon Ander Urrestiren eta Beñat Urrutiaren Eukalyptus antzezlana, elizan.
11:00. I. Frontenis Finala. Txapelketa bikote mixtoak
14:30. Sukalki aurkezpena
15.00. Bazkari herrikoia
17.00. Umeentzako jolasak
18.30. Girotzeko musika.
Maiatzak 26, domeka. XV. Mugari Bira.
08:30. Martxa luzea: 19km.
09:30. Martxa laburra: 11km