Hezkuntzan bidelagun
Hurbiltasuna, haurraren garapen naturala errespetatuz bere gaitasunak sustatzea eta bidean lagun izatea dira Seber Altube Ikastolako Haur Hezkuntzaren oinarri nagusiak.
Hezkuntza ez da zurruna, ez da alde bakarrekoa, ez da estatikoa. Hori badaki Seber Altube Ikastolako lantaldeak. Seber Altube guraso kooperatiba da; ikasleen hezkuntza elkarlanean eta eragileen arteko saretzean ardaztuta egiten dute.
Haurreskolak konfiantzaren pedagogia du zutabe. Konfiantza eta hurbiltasuna dira osagai nagusiak: haurra etengabe erdigunean dago. Umeak markatzen du hezkuntzaren tenpoa, bere erritmoak errespetatzen dituzte. Egiteko horretan, hezitzailea bidelaguna da: haurraren prozesua kudeatzeaz harago, bidean lagun egiten dio. HH0 eta HH1 mailak, gainera, doakoak dira.
Nolakoak izan nahi dugun iparrorratz.
Ikasketa prozesu osoan zehar egiten duten orok galdera bati erantzuten dio: “16 urterekin ikastolatik aterako diren ikasleak zelako pertsonak izatea gura dugu?”. Galdera horri komunitatean batera egindako hausnarketa batean erantzun zioten, eta horixe da Seber Altube Ikastolan irudikatzen dena: pertsona euskaldunak –hiztun osoak, euskal kultura ezagutu eta bizi dutenak–, eleanitzak –beste hizkuntza batzuk ere menperatzen dituztenak–, heldutasun afektiboaren bidez beren eta beestekiko enpatiaz eta elkartasunaz ongizatea zaintzen dutenak, lankidetzan dihardutenak –elkarlanean–, jakin-minez, hausnartzen eta iritzi propioetatik, irudimenez eta modu sortzailean ekiteko gaitasunarekin.
ADAXKA proiektua 0-6 urte arteko umeei zuzenduta dago, hezkuntza etapa osoan umea erdigunean kokatuz
Konfiantzaren pedagogian oinarrituta aplikatzen dute ADAXKA proiektua. 0-6 urte arteko umeei zuzenduta dago, hezkuntza etapa osoan umea erdigunean kokatuz. Haurrak gaitasun eta ezaugarri jakin batzuk jasotzen ditu jaiotzen denetik, eta funtsezkoa da bakoitza ezagutzea eta, ondorioz, berari moldatutako irakaskuntza eskaintzea. Moldaketa horretan, egokitzapen aldi bat proposatzen dute; etapa horretan, umeak konfiantza pixkanaka jasoko du, horretarako beharrezko lanabes guztiak betiere eskura izanik.
Metodologia horretan espezializatuta dagoen Seber Altubeko HHko lantaldeak apurtu egiten ditu hezkuntza zentroaren eta familien artean egon daitezkeen ustezko kristalezko sabaiak: guztiak dira derrigorrezko hezkuntzan; guztiek dute tokia ikastolan. Hortaz, familiaren eta zentroaren arteko zubi lana oso estua da, eta euren arteko loturak, berriz, etengabekoak: denen artean, konfiantzazko eta hurbileko giroa sortzen dute, eta beraiena “familia txiki baten parekotzat” daukate. Bi urtetik gora dituzten ikasleek, gainera, psikomotrizitatea lantzeko aukera ere badute, besteak beste, Aucouturier praktika baliatuz.
Familia kontziliazioa erraztu asmoz, ikastola abuztuan soilik zarratzen dute
Hurbiltasun horren erakusle, ordutegia malgua da (07:00-19:00), eta gurasoak hoberen egokitzen zaien ordura moldatu daitezke, ordutegi zurrunetatik aldenduz eta euren beharrizanetara egokituz. Familia kontziliazioa erraztu asmoz, ikastola abuztuan soilik zarratzen dute, Seber Altuben umeen ongizateari ematen baitiote lehentasuna.
Horrez gain, ekain amaieratik uztailaren bukaerara arte euskaran oinarritutako aisialdi hezitzailerako kanpusaz gozatzeko aukera dute 3 eta 16 urte arteko ikasleek. Kanpusean haur nahiz nerabeen garapen emozional, sozial, kultural eta komunikatiboak modu ludiko eta atseginean jorratzen dituzte eta, lagun artean, klaseetatik kanpora ere, harremanak beste era batera garatzeko aukera dute.
Etxeko ohiturei jaramon egin, eta horiek mantentzen saiatzen dira ikastolan
Etxeko ohiturei jaramon egin, eta horiek mantentzen saiatzen dira ikastolan, keinurik txikienetatik handienetara: titiko esnearen prozesua eten barik jarraitzeko erraztasunak eskaintzen dituzte, lo ohiturak jagoten dituzte, baita jatorduak ere. Horrez gain, haur bakoitzaren eguneroko informazio baliagarria (janaldiak eta digestio kontuak, umorea, sarrera eta irteera orduak…) eguneroko koadernoan idazten dute: hezitzailearen aditasuna, hurrekotasuna eta jarraipena etenik gabekoak dira; familiarekin duten hartu-emana ere, beste horrenbeste.
Bazkariari dagokionez, ikastolan prestatzen dute egunero; produktu eskaintza zabal eta osasungarriagaz lan egiten dute. Inguruko ekoizleekin hartu-emana dute, sasoian sasoiko produktu fresko, natural eta kalitatezkoak eskuragarri izan ditzaten, eta bertoko ekonomiarekiko nahiz jasangarritasunarekiko konpromisoa erakutsiz.
Argi naturala egunero presente egoteari esangura ematen diote
Ingurune fisikotik hasita.
Umeen garapenerako, ezinbestekoa da ingurune fisikoa egokia izate, hori ere zaintzen dute Seber Altuben: argi naturala egunero presente egoteari esangura ematen diote. Jolasgunea ere badute ikastolan, ikasleek egunerokoan erabiltzen dutena. Haurreskola kokatuta dagoen eraikin zatia beren-beregi maila horretako ikasketa emateko prestatu da, ikasgelen banaketatik, hormen eta gune ezberdinen diseinura arte: esperimentazio gunea, eraikuntza gunea, jolas sinbolikorako gunea, gune lasaia… Ikasleek zehazten dute espazio bakoitzari ematen dioten erabilera, jomuga haurraren esperimentazioa eta irudimen askatasuna sustatzea baita.
Material natural eta manipulatiboa baliatzen dute, egituratuaren ordez
Esperimentazioaren bultzadaren barruan, material natural eta manipulatiboa baliatzen dute, egituratuaren ordez. Natura esperimentazio foku dute; ikastola inguruko berdeguneak eta bertako fauna zein flora erabiltzen dituzte, ingurune naturalarekin kontaktua edukitzeak duen garrantziaren jakitun. Beraz, sarritan ikastolatik ateratzen dira, haurrak bestelako espazioekin erlaziona daitezen.