Argi eta ilunen kontrasteetan
‘Nabar’ izeneko hirugarren disko berria kaleratu du Hannot Mintegia ‘Moxal’ musikariak. Formetan, ideietan, sonoritatean eta narrazioetan gauzak ez dira diruditena. Bihar aurkeztuko du lana Lizeo Antzokian.
“Gauzak ez dira diruditena” kontzeptuaren aterpean sortu ditu soinuak, hitzak eta errepresentazioak Hannot Mintegiak. Argiak bere baitan iluna dena gordetzen duela dio musikariak: “Edo alderantziz da? Diskoan badago gogo bat, edo behar bat, bi mundu horiek –edo mundu bakarraren bi aldeak– lotu, ulertu, zeharkatu edo, gutxienez, ez baztertzekoa”. Hala, asmo hori aurki daiteke Moxalen Nabar (FC 2023) izeneko hirugarren diskoaren formetan, ideietan, sonoritatean eta narrazioetan.
Moxalek dioen bezala, diskoko musikaren estetikari so eginez, badago kontrastearen eta alde bateko eta bestekoaren bilaketa kontziente bat, urrunekoak diruditen munduak uztartzekoa. Horren adibide argia da, bere ustez, “Gaztiek Die kantuaren pisu eta sakontasunetik Betiko Bero atsegingarrirako jauzia eta Zaldikatu ezberdinek eragiten duten haustura”. Kontrakoak diruditen bi mundu horiek batzeko ahalegin nabarmena da Ridikulue: “Folk abesti geldo eta desegin moduan hasten dena eta Ingalaterran 90eko hamarkadan sortutako drum&bass-ari keinu bat eginez bukatzen dena da”.
Hain zuzen ere, aipatutako bi kantu –Gaztiek die eta Ridikulue– 2019an sortu zituen Moxalek Bilboko Empty Files taldearen estudioetan Miren Narbaiza Mice, Txufo Wilson eta Jose Lastrarekin bilduta. Izan ere, urte horretan hasi zen Moxal disko honetarako kantuak sortzen. Disko “intimo eta korala” dela dio, Zaldikatu (FC, 2019) lehenengo disko zabal eta parte hartzailetik eta Arrebetxe (FC, 2020) bigarren lan sotil eta bakartitik edaten duena.
“Pandemia aurretik hasi nintzen disko berri honetako zenbait abesti sortzen eta grabatzen. Baina pandemia ailegatu zen, eta dena gelditu zen. Orduan Arrebetxe sortu nuen, disko lasaiagoa. Hala, hasierako asmoa lehenengo lanagaz segitzea bazen ere –disko kolaboratzailea egitea, abesti esperimentalak sortuz eta gauzak probatuz–, bigarren diskoan egindakotik ikasi eta ideia berriak aplikatu ditut lan honetan”, argudiatu du Moxalek. Hala, Nabar lehenengo bi diskoen arteko nahasketa dela ondorioztatu du: “Lehenengoan legez, estudio handi batean borobilduta dago, eta abesti askotan kolaborazio asko aurki daitezke, baita instrumentu asko ere. Beste batzuk, berriz, sinpleagoak edo intimoagoak dira, Arrebetxeren estiloari segika. Nahasketa hori gustatzen zait”.
Presentzia nabarmena dute kolaborazioek oraingoan ere, horiek garrantzia berezia dutelako musikariarentzat: “Asko gustatzen zait kolaborazioek eskaintzen duten musika aniztasuna; ahots desberdinak egotea bilatzen dut. Emakume musikarien ahotsak gordetzen ditut, miresten ditudalako eta euren ahotsak nirearekin kontrastean jartzea bilatzen dudalako”. Hala, Narbaizaren aldakortasuna nabarmendu du, baita Anarirekin eta Ainara LeGardonekin lan egin izana ere. “Gozada bat izan da. Plazerra izan da Aitor Etxebarria eta Gaizka Insunzagaz lan egitea ere bai”. Elkarrengandik “oso desberdinak” direla, baina eurengandik “asko ikasi” duela azpimarratu du.
Oraingoan idazketa automatikoaren teknikaz baliatu da Moxal, “inoiz baino gehiago”. Soinu edo abesti egitura baten inguruan pentsatu barik idatzi ditu letrak, hitzezko irudiak agertu ahala, eskuz: “Idatzi eta gero, gelditu, eta idatzitakotik nire baitan oihartzuna zerk eragin duen aztertu dut. Horrekin hasten da puzzlea, baina gero beti dago tokia abestia sortu (edo grabatzeko) eta momentu konkretu horretan agertutako edozein pentsamendu aireratzeko”.
Argi eta ilunek gorpuzten dute diskoa, eta letretan ere, bi alde horiek ulertzeko edo onartzeko ariketa egin du Moxalek. “Uste dut nire abestiak zerbait ulertzeko edo onartzeko ariketa bat direla. Zerbait hori ia beti da harreman pertsonalei loturikoa; besteekin eta gure buruarekin ditugun elkarrekintzen zergatiak eta ondorioak hausnartzeko ahalegina. Baina ez dago ondorio garbirik”, dio musikariak. Eta erantzunik balego, “hori inkontzientean gordetzen” dela dio: “Horregatik dute narrazioek amestutako ipuin laburren antza”.
Hain zuzen ere, letren sonoritatea bilatu du, “gero eta gehiago gustatzen zaiolako hori egitea”. Hori horrela, ez ditu letrak publiko egin, bakoitzak entzuten duena interpretatzeko: “Letretan ez dago argi zer esaten duten. Sonoritatea asko gustatzen zait, silaben arteko antzekotasuna, batak bestagaz lotzea. Izar-laino bat uztea erabaki dut zenbait kantutan, eta beste batzuetan, aldiz, oso argi utzi dut dena. Gustatzen zait letrak ez izatea horren konkretuak, amets baten egongo bagina bezalakoak izatea, baizik”.
Musikariak azaldu du abesti askotan ideia berdinak ageri direla kantuetako zenbait unetan. “Diskoko zenbait abestitako parte batzuk beste kantu batzuetako tarteekin batu daitezke, collage moduko bat osatuz”. Hain zuzen ere, collage hori egiteko denbora behar izan du sortze prozesuan: “2019an abiatu nuen, baina etengabe aritu naiz sortzen: maketetan, ordenagailuan edo mugikorrean. Letrak eta musika collage itxurakoak direnez, zirriborroak egin ditut lehenengo, horiek ordenatu gero, eta ideiak landu ostean, grabazioagaz amaitzeko”.
Bere etxean egin du sortze lan horren parte garrantzitsua, baina kolaboratzaileen etxe eta estudioetatik ere igaro da. Nomada legez, musika-ekipoa hartu, eta elkarlanean aritu den horien etxe eta estudioetan sartu da, landutakoa Tio Pete estudioan grabatzeko: “Artisau lana izan da”. Hala, alde ilun eta argi hori ikusaraziko du bihar, 20:00etan, Lizeo Antzokiko ohotza gainean. Diskoari izena ematen dion koloreek beteko dute antzokia.