812.969 euroko udal aurrekontua onartu dute Kortezubin 2024rako
Diru partidarik mardulena energia eraginkortasunera bideratu dute; azpiegituren hobekuntza, euskararen sustapena, kulturaren zainketa eta dinamizazio soziokulturala ere indartuko ditu udalak.
Kortezubiko Udalak, azkenengo osoko bilkuran, 2024. urterako udal aurrekontuak onartu zituen. Udal gobernu taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren kontrakoekin, 812.969 euroko aurrekontua onartu dute urte honetarako, horien lehentasun nagusia “herritarrak eta beraien ongizatea” izanik. Karmele Enbeita Ozamiz Kortezubiko alkateak adierazi du aurrekontuon ibilbide orriak “udalerrian hobekuntzak egitea” duela oinarri: “Eguneroko-eguneroko kudeaketagaz batera, udal ekipamenduen kalitatea hobetuko duten proiektuei nahiz jarduerei ekingo diegu, oraingo eta etorkizuneko bermeak eskaintzen dituen herria merezi dugulako”.
Energia eraginkortasunera emanda egongo da udal aurrekontuaren zatirik esanguratsuena. Hain zuzen ere, 11.774,43 euro bideratuko dituzte argiztapen publikoan aurrerapausoak egiteko. Auzo bileretatik ondorioztatutako neurriak dira horiek, tokian tokiko bizilagunen beharrizanei erantzuna ematea helburu dutenak. Bai Barrutian, bai Oman, kale argiak ipiniko dituzte. Horretarako, udalak diru laguntza jasoko du Bizkaiko Foru Aldunditik, zehazki, 64.000 eurokoa. Argiztapen publikoan aplikatuko dituzten hobetzeak ez dira hor amaituko: beste argiztapen puntu batzuk ere hobetuko dituzte herrian.
53.206,42 euro bideratuko dituzte frontoiaren eta probalekuaren eraberritzeari
Lurrak zein ondasun naturalak hobetzea ere jomuga izango du udal gobernu taldeak; 90.659,45 euro bideratuko dituzte egiteko horretara. Alde horretatik, jolas parkea berritzea aurreikusten dute, Barrutian herri bide bat konpontzeaz eta Oman bionda bat ipintzeaz gain. “Zerbitzuak eta segurtasuna” hobetzea bilatuko dutela iragarri dute udaletik. Azpiegiturak ere erdigunera ekarriko dituzte: udal pilotalekua eta probalekua eraberritu gura dituzte. Instalazio bi horiek “mantenu eta hobekuntza” beharra dutela azpimarratuta, 2024ko proiektu esanguratsuenetakoa izango dela azaldu dute. Horrenbestez, 53.206,42 euro bideratuko dituzte egiteko horretara.
Udal mailan eta kale erabilerari dagokionez indartuko dute euskara
Euskarak Kortezubiko eguneroko-eguneroko bizitzan duen esangura “berebizikoa” den jakitun, udal aurrekontuetan hizkuntzarekiko konpromisoa islatzea nahi dute. Euskara Lantzen Kortezubin proiektuaren barruan, udalak euskara zerbitzua ematen du eta, hain zuzen, zerbitzu hori indartuko dute aurten, 19.130 euro baliatuko dituzte horretarako. Azaldu dutenaren arabera, euskara teknikari bat udal bulegoetara joango da, hilabetero. Euskararen erabileran egingo duten lanketa ez da, baina, horretara mugatuko: herritarrik gaztetxoenen euskara erabilera bultzatzeko jarduerak ere sustatuko ditu udalak. Besteren artean, udalekuak, Ehunzango Jolasak elkartearen eskutik udalerrian egingo dire haurrentzako zein gazteentzako ekimenak edota abenduan egin ohi duten Gabonetako postal lehiaketa nabarmendu dituzte.
‘Kortezubi 196-1946’ liburua argitaratzea aurreikusten dute
Kulturaren aldeko apustua.
Kultur jarduerak eta ondarea babesteko eta balioan jartzeko lan handia egitea aurreikusi dute udal taldearen ordezkariek. “Funtsezko” helburua dute aurretik: herriko memoria historikoa berreskuratzea. Hori dela eta, 7.145 euroko diru partida erabiliko dute Kortezubiko memoria historikoa lantzen jarraitzeari eta, beren-beregi, Kortezubi 1936-1946 izeneko liburuaren argitalpenari. Obra hori Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzagaz eta udalaren ekimenez jorratzen ari dira, eta herrian egindako ikerketa historikoa barnebilduko du. 2021. urtean ipini zuten abian proiektua, herriko memoria historikoa biltzeko, berreskuratzeko eta argitara emateko asmoz. Kortezubin 36ko gerran eta gerraostean gertatutakoak ezagutaraztea da helburu nagusia, “gerraren tragedia jasan zuten bizilagunen sufrimenduari aitortza egiteko”.
2024ko udal aurrekontuaren azken alderdia herriko dinamizazio soziokulturalerako bideratuko dutela azaldu dute udaletik. Kortezubi herri modura hazteko “faktore garrantzitsua” dela azpimarratuta, udalerriko kultur eta kirol elkarteek diru laguntzak jasoko dituzte, beraien jardunetarako: Gure Arbasoen Herria elkarteak 30.000 euroko laguntza jaso du; Bolunzulo Kultur Elkarteak, 3.000 eurokoa; azkenik, bai Jubilatuen Elkarteak, bai Herri Kirolek, 500 euroko diru laguntzak.