Parte hartzearen garrantzia azpimarratzen duen altxorra bilatu eta aurkitu dute
Artiako Gazte Asanbladak bigarrenez antolatutako Altxorraren bila ekimenean elkartu ziren arteagarrak zapatuan (apirilak 27). Balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, eta herria aberasteko kultur ekarpena egiten segituko dute.
Bizargorri pirataren maparen arabera, Hegaztien Irlan dago ezkutatutako altxorra. Hori bilatzeko, mapa bat aurkitu eta hori ulertu beharko dute piratek, altxorrak zer ezkutatzen duen jakin barik. Busturialdean ere, badago altxorrik, eta pirata itxura hartuta, ezkutatutako altxor horren bila atera ziren zapatuan (apirilak 27) arteagarrak. Burua eta gorputza prestuta, jarraibideak jasotzen zituen mapa eskuetan hartu eta aztarnak banaka gaindituz aurkitu zuten biltze zutena bospasei pertsonak osatutako taldeak.
Beste ikerlari batzuk ere ibili ziren altxor preziatuaren bila, horrenbeste pertsonako zazpi taldek parte hartu baitzuten Artiako Gazte Asanbladak bigarrenez antolatutako Altxorraren bila ekimenean. Iaz ere atera ziren altxorra bilatzera, eta iazko legez, aurtengoaren balorazio positiboa egin dute: “Iaz ekimenak izan zuen harrera ona ikusita, berriz prestatzea erabaki genuen, baina ez genekien zenbat pertsonak parte hartuko zuten, zelan joango zen, ez eta euria egingo zuen edo ez. Hala ere, iazkoa hobetzeko prestaketa lana egin dugu: jokoak aldatu ditugu, hobetu, eguneratu… Ekimena dinamikoago egiten saiatu gara, eta jendeak bikain erantzun du”.
Adinaren arabera, bi ibilbide izan dituzte aukeran parte hartzaileek, eta jakinarazi dute ibilbideak laburtu egin dituztela aurten, “iazkoak luzeegiak zirelako”. Hala ere, larregi laburtu izanaren pena dute. “Ibilbidea aldatu dugu, herriko alde batetik bestera joatea larregizkoa izan zelako iaz. Baina baliteke larregi txikitu izana ibilbide laburra, batzuek arin amaitu zutelako”, azaldu dute antolatzaileek, eta datorren urtera begira, bi aldien arteko balantza bilatuko dutela jakinarazi dute.
Gainditu beharreko probak denetarikoak izan ziren: proba fisikoak egon ziren, agrosport deitutakoak, kasu; pentsatzekoek ere presentzia nabarmena izan zuten, eta parte hartzaileen matematika edo jakintza gaitasunak proban jarri zituzten. “Oso dibertigarriak izan ziren probak, denetarik galdetu genuen: matematikei buruzko galderak, udaleriari buruzkoak, txorienak… Bertso bat osatu eta abestu ere egin behar izan zuten parte hartzaileek”, gehitu dute antolatzaileek.
Altxorraren bilaketa gozoa izan zen, eta txokolatezko txanponez betetako kutxa talde bakarrarentzako izan zen arren, benetako opariaz elkarregaz gozatu zuten: merendola herrikoia egin zuten. “Parte hartzeari eman diogu garrantzia, eta parte hartzaile guztiak saritu ditugu merendolagaz, ez bakarrik irabazleak. Irabazleen saria sinbolikoa izan da”.
Ekarpen herrikoia.
Herriari ekarpen kulturala egitea da Artiako Gazte Asanbladakoek ekimenagaz bilatu dutena, eta horrek “sekulako poza” ematen diela onartu dute: “Herria berpizteko asmoz hasi ginen elkartzen, udalak egiten dituen ekintzez gain, beste batzuk ere eskaintzeko, harago joateko. Sentitzen dugu gazte modura zerbait eman behar diogula herriari, eta herriaren eta gazteen arteko hartu-emana bultzatu behar dugula”.
Hala, helburu horregaz segitzeko asmoa dute, eta gazte ibilaldia antolatzen ari dira; iaz ere egin zuten, baina aurten ibilbidea aldatuko dutela jakinarazi dute: “Ikasturte honetan orain arte prestatu dugun guztia adin guztientakoei zuzendutakoa izan da, baina orain guretzako aisialdia bultzatuko dugu, herriko gazteei zuzendutakoa: herrikideei gugana hurbiltzeko eta prestatuko ditugun ekitaldietara bertaratzeko gonbidapena luzatzen diegu, herriaren dinamika polita ezagutzeko”.