Lanbide Heziketako AURREMATRIKULA zabalik
Gernika BHI institutuan Lanbide Heziketako bi ziklo eskaintzen dira: «Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako Arretarako Teknikaria» (Erdi mailako zikloa) eta «Haur Hezkuntzako Goi-mailako Teknikaria» (Goi mailako zikloa).
Kalitatezko ZAINTZA eskainiko duten profesionalak formatzen ditugu. Alde batetik, Haur
Eskoletan umeek hezteko gaur egungo eredu pedagogikoak landuz eta ikasleen eskura zaintza egokia eskaintzeko beharrezko estrategiak jarriz. Bestetik, gero eta zaharragoa den biztanleriaren eta orokorrean mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza lantzen dugu, ahalik eta erantzun egokiena emateko bideak jorratuz ikasleekin.
Umeen zein mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzan gizatasuna eta pertsonaren duintasuna bermatuko dituzten langileak prestatzea da helburua. Europako eta bertoko haur eskola edo zaharren egoitzetan eta eguneko zentroetan aurki ditzakegun eredu iraultzaileetan jarrita ditugu begiak.
Haur Hezkuntzan, beste batzuen artean, «Pikler» eta «Reggio Emilia» eskolek eskaintzen duten eredua ezagutuko dute, bertan formazioa jasotako irakasleen eskutik. Mendekotasunaren Arretaren kasuan,«Zaintza Egokia-Tratu Duinak» deritzon eredu iraultzailean oinarritzen gara, horretarako formatuak izan baikara.
ERASMUS+ proiektuari esker, urtero ikasleek zein irakasleek Europan (Italia, Bulgaria, Portugal, Dublin…) dauden zentro eta eredu desberdinak ezagutzeko aukera daukate; ikasleek ziklo bukaerako praktikak burutzeko eta irakasleek berriz, euren formakuntzan sakondu eta eguneratuta egoteko.
2000 orduko Zikloak dira, goizeko ordutegian, presentziala eta euskaraz. Gehienez 25 ikasle.
2023-24 Ikasturtean, praktikak 2. eta 1. mailan ere (1.mailako DUALA) egingo dituzte.
AURREMATRIKULA egiteko epea: maiatzaren 6tik 24ra (ezinbestekoa matrikulatu ahal izateko)