Ibilgailuak oinezkoentzako gunera sartzeko baimenak berritzeko epea, zabalik
Alde Zaharreko oinezkoentzako gunera sartzeko baimen iraunkorrak berritzeko eta datuen eguneraketa egiteko prozesua hasi du Bermeoko Udalak. Eskaerak uztailaren 1era arte egin ahalko dira, Berhaz bulegora hurbilduta edota egoitza elektronikoren bitartez.
Ibilgailuek Alde Zaharreko oinezkoentzako gunera sartzeko behar duten baimen iraunkorra berritzeko eta datuen eguneraketa egiteko prozesua hasi du Bermeoko Udalak. Berritze prozesuari hobekuntzak egin nahian, “erraztasunak eman, egoitzatik ahalbidetu eta kudeaketa eraginkorrago bat posible egingo duen aplikazioa” sortu dute.
Azaldu dutenez, berriztatze prozesua orain arte baimena izan duten ondorengo erabiltzaileei aplikatuko zaie: Alde Zaharrean bizi direnei, Alde Zaharrean etxebizitza dutenei, Alde Zaharrean garajeen erabiltzaile direnei eta herriko gremioei.
Era berean, datuen eguneraketa egingo denez, eskaera egiterako orduan interesdunek dokumentu originalak aurkeztu beharko dituztela adierazi dute udaletik. Berhaz bulegoan entregatu daitezke dokumentuak, edota egoitza elektronikoaren bitartez. Aurkeztu beharreko dokumentuak erabiltzaileen baldintzen araberakoak izango dira: Alde Zaharrean bizi direnek IN-410.1 eredua bete beharko dute, eta baimena ematekotan, udalak bermatuko du bizilekuaren eta ibilgailuaren errolda helbidea. Gune horretan etxebizitza dutenek, eredu bera entregatu beharko dute, eta udalak etxebizitzaren titularitatea bermatuko du.
Alde Zaharreko garajeen erabiltzaileek IN-410.2 eredua osotu beharko dute. Horrez gain, garaje horretan ibilgailua sartzeko baimena aurkeztu beharko dute, errentamentu kontratua edo titularraren baimena entregatuz. Baimena ematekotan, udala arduratuko da garajearen titularitatea bermatzeaz. Bestalde, herriko gremioek IN-410.3 eredua bete beharko dute eta jardueraren identifikazio fiskaleko txartelagaz batera aurkeztu.
Bosgarren azpitalde bat ere egongo da, 65 urtetik gorako oinezkoentzako guneko biztanleek, zein gaixotasun edo menpekotasuna dutenek osatua. Horiek IN-410.4 eredua osotu beharko dute, eta hala badagokio, menpekotasun edo egiaztagiriagaz batera entregatu. Azaldu dutenez, kasu honetan, baimenendu den ibilgailuaren errolda helbidea Alde Zaharretik kanpo egon liteke.
Eskaerak.
Gaur bertan [maiatzak 1] hasita eta uztailaren 1a bitartean egin daitezke eskerak eta, azaldu dutenez, tramitazio epea aste batekoa izango da. Ziurtagiri digitala duten herritarrei eskaera egiteko egoitza elektronikoa erabiltzeko deia egin diote, Berhaz bulegora joan beharra saihesteko. Prozedura “modu erraz batean” egin daitekela adierazi dute, baina beharko balute, 010 zenbakira deituta herritarrek egoitzatik tramitea egiteko moduagaz zein eman beharreko pausuekin laguntza izango dutela iragarri dute.