Eskola jazarpena errotzat duen abestia
Aurton ere, 'Kausa bat, Kantu bat' proiektua aurkeztu du Segundo Olaeta Musika Eskolak. Eskola jazarpenaren inguruko lanketa aurkeztuko dute bihar(maiatzak 2), etzi(maiatzak 3) eta datorren astelehenean(maiatzak 6), Lizeo Antzokian. Biharko eguna, gainera, Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Eguna da.
Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskolak urtero jartzen du martxan Kausa bat, Kantu bat proiektua. Izenak berak azaltzen duen bezala, musika eskolak, Busturialdeko ikastetxeekin elkarlanean, problematika baten inguruko kantu bat sortzen du. 500 ikasle inguruk parte hartu dute proiektu didaktikoan, eta aurton aukeratutako gaia eskola jazarpena izan da.
Eskola jazarpena beti egon den problematika bat da. Azkenengo urteetan, baina, arazo horrekiko kontzientziazioa piztu da gizartean, eta horrekin bukatzeko borroka bizian murgilduta daude ikasleekin lan egiten duten zentroak. Biharko eguna (maiatzak 2) Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, ikasleek gaiaren inguruan sortu dituzten lehenengo lanak aurkeztuko dituzte, Lizeo Antzokian. Bihar, etzi(maiatzak 3) eta datorren astelehenean (maiatzak 6) egingo dituzte aurkezpenak, denak leku berean.
Zentro guztietako ikasleen lanak bateratuko dituzte aurkezpenetan. Musika eskolak, zuzeneko musikarekin lagunduz, ikasleak modu aktiboan parte hartzera bultzatuko ditu. Horretarako, euren gazte aroan eskola jazarpena jasan zuten abeslari arrakastatsuen lanak plazaratuko dituzte, hala nola, Lady Gaga edo Taylor Swiftenak. Horrez gain, Gorka Escauriazaren musikarekin eta Jon Maia bertsolariaren hitzekin sortutako eskola jazarpenaren aurkako abestia aurkeztuko dute. Ross Dantza Eskola arduratu da abestiaren koreografia sortzeaz.
Ikus-entzunezkora saltoz.
Aurtongo proiektua, ordea, “haratago” doala azaldu dute proiektuaren arduradunek. Izan ere, Gernika-Lumoko Institutuan eta Seber Altube Auditorioan ikus-entzunezko lan bat grabatu dute. Bertan, Ross Dantza Eskolako dantzariekin batera, Gernika-Lumoko San Fidel Ikastola eta Mertzede Ikastetxeko ikasleek parte hartu dute, baita Arratzu, Mundaka, Muxika eta Arteagako ikastetxetakoek ere.
Bideo horretan, jazarpen kasuetan erasotzaileek izaten duten ikuspuntua landu dute. Jazarle rola ingurukoen artean duten estatusa indartzeko erabiltzen dutela azaltzeaz gain, euren buruarekiko kritika eza eta mugak nun daudenaren jakintza eza gaitzesten dituzte. Liderraren figuraren inguruko hausnarketa bat da.
Proiektuan haurrak ezinbestekoak izan diren arren, arduradunek gogoratu dute hezitzaileen eta gurasoen papera “funtsezkoa” izan dela. “Ez da erraza seme-alabak okerreko aldean egon daitezkeela onartzea. Sortu dugun abestiak dioen bezala: Ez zara ausartagoa, indartsuagoa, min egiteagatik. Zatoz eta har ezazu zure lekua koadrilan”, adierazi dute.