37an Bizkargi gaineko Espainiako bandera ikurrinagaitik aldatu zuten gudariak omenduko dituzte
36ko gerran Bizkargiko batailan borrokatu zuten gudariak omenduko dituzte asteburuan. Ernaik zapaturako antolatu ditu ekimenak, eta Bizkargi Gogoratuz Elkarteak domekarako.
Busturialdeak urte guztian zehar memoria ariketa ugari egiten baditu ere, garai hauetan eskualdeko protagonismoa bereganatzen dute horiek. Gernikako bonbardaketa atzean utzita, Bizkargiko Eguna ospatzeko txanda iritsi da. Egun horretan oroitzen dira Larrabetzuko, Muxikako, Morgako eta Zornotzako lurretan dagoen mendian 36ko gerran bertan hildako gudariak.
Bizkargiko batailan, euskal gudariek Bizkargi gaina berreskuratu zuten. Tartean izan ziren Amaiur, Larrañaga, Amuategi edota Euzko Indarra batailoietako gudariak, zeintzuk han zegoen Espainiako bandera kendu, eta ikurrina kokatu zuten. Bataila harek utzi zituen hildakoak zein bertan borrokatu zuten gudariak omentzen dira, urtez urte.
Ernaik, ohikoa duen bezala, zapaturako(maiatzak 4) antolatu ditu ekintzak. 10:00etan hasiko dute Bizkargira igoera, eta eskualdeko Ernaikideek 09:30ean izango dute hitzordua Gernika-Lumoko tren geltokian. Busturialdekoekin batera egingo dute hitzordua, 10:00etan, Larrabetzukoek eta Zornotzakoek, eta igoera herrika egingo dutela azaldu dute. Ostean, Larrabetzura jaitsiko dira denak batera, eta bertan egun osoko egitarauaz gozatuko dute, plazan.
12:00etan, Ainhoa Egiluzek, Maialen Arteagak eta Imanol Ziluagak eskainitako mahainguruan batuko dira. Ondoren, 13:30ean ekitaldia egingo dute, eta 14:30ean bakoitzak bere etxetik eramandako bazkaria bazkalduko dute. Ekitaldiak alde batera utzita, 16:00etan trikipoteoari ekingo diote. Ospakizunetako tradizioei jarraituz, musikak ere bere tartea izango du. 18:00etan, Larru eta Lagunak izango dira Aretxabalan, eta 20:00etatik aurrera Dj Bizkargik girotuko du HoriBai gaztetxea.
Domekarako egitaraua.
Ernaik ez bezala, Bizkargi Gogoratuz Elkarteak domekaz antolatzen ditu ekimenak. 11:00etan hasiko dira Bizkargi gaina animatzen, eta Soinu Txikie taldea arduratuko da horretaz. 12:30ean, omenaldietarako tartea iritsiko da: 36ko gerrako gudariak omenduko dituzte. Euskal Prospekzio ikerketa taldea izango da bertan, eta Aranzadiren lanen azalpenak eskainiko dira. Gainera, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldeak parte hartuko du ekitaldian, eta ez dira adarra, txalaparta eta alboka faltako. Horrekin batera, Etxanoko nagusiaren ongietorria eta txuzoa sartzea egingo dira.
Egun horretako tradizioetako bat da bertsolarien presentzia. Aurton, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue eta Txiplas izango dira, eta 13:00 Kittu Taldearen erromeria saioaz gozatuko dute bertaratutakoek. Antolatzaileek gogoratu dutenez, txosna “ederra” egongo da Bizkargi gainan.
Eguna eta giro ona, baina, ez dira Bizkargin bukatuko. Muxikako auzokideek gogorazi dute Gorozikako txokoa egun osoan zehar egongo dela irekita, eta Eingo musika taldekoek girotuko dute gunea 15:30etik aurrera. Denak gonbidatu dituzte eguna ospatzera.