Literaturak etorkizuna dauka
Hogeita hirugarrenez antolatu dute Idazlan Koaderno Lehiaketa. Aurton ere liburu bi aurkeztu dituzte: bata, LHkoa, eta bestea, DBH, Batxilergo eta HHIkoena.
Azkenengo urteetan, kulturak etorkizun beltza duela esan eta esan dabiltza kulturgileetako asko. Ez zaie arrazoirik falta. Digitalizaziorako trantsizioan murgilduta dagoen gizartean, gutxi dira kulturarekiko egiten diren apustu sendoak. Kultura murgilduta dagoen tendentzia berean dago literatura. Helmuga beltza duen bide horretatik ihes egin, eta literatura beste norabide batetik eramateko ahaleginean dabiltza, urtez urte, Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hezkuntza Arloak, eta herriko irakaskuntza zentroak. Aurton, hogeita hirugarrenez, antolatu dute Idazlan Koaderno Lehiaketa: alde batetik, LHko koadernoa egin dute, eta bestetik, DBH, Batxilergo eta HHIkoek argitalpena.
Urtero bezala, bi liburuetan kaleratutako idazlanetako batzuk aurkeztu dituzte idazleek, Lizeo Antzokian antolatutako ekitaldian. Lanen aukeraketaren funtzionamendua ez da aldatu: zentro bakoitzak bere idazlanak aukeratu ditu, ziklo bakoitzeko bi.
Liburu bakoitzak bere aurkezpen ekitaldia izan du. LHko idazleek atzo (apirilak 29) aurkeztu zituzten beraien lanak herritarren aurrean. Gaur (apirilak 30), aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta HHIko ikasleen txanda izan zen. Euren lana liburuan argitaratu duten ikasleetako batzuk irakurri dute pasartea jendaurrean, eta ostean, denek jaso dute saria. Talde argazkian batu dira saritu denak, banan banan hurbildutakoen txalo zaparrada artean taularatu ostean.
Sarri uste da umeak errealitatetik urrunduta bizi direla, eta beraien pentsamenduak helduenganekikoekin alderatuta, oso desberdinak direla. Alegia, ez dira ur sakonetan sartzen. Atzo (apirilak 29) taularatu ziren idazleek, ordea, teoria horiek zapuzteaz arduratu dira. Nabarmendutako gaien artean izan dira eskola jazarpena eta bazterkeria. Ekhi Uribe Riok, esaterako, Bullingaren katea idazlana aurkeztu zuen. Uribek Thailandiako Erresumatik iritsitako Peter gaztearen istorioa kontatu zuen. Ikastola berri batera iristean, bertakoek Peterri egindako jazarpenaren inguruan idatzi du, eta Peio ikasle eredugarriak nola laguntzen dion azaldu du. Izar Galarza Jaiok ere antzeko bideetatik jo du Ardi Beltza lanarekin. Downen sindromea daukaten umeen egoeraz edo umeen kontakizunen inguruan ere aritu dira beste ikasle batzuk.
Umeek erakutsitako heldutasuna harrigarria izan bazen ere, ukaezina da adinean gora egin ahala pentsamenduak aldatzen joaten direla, eta hori erakutsi dute idazle nagusienek Lizeo Antzokiko ekitaldian. Gazako “sarraskia” edo egoera berrien aurrean sentitzen diren beldurren aurrean hitz egin dute.
Artearentzako tartea.
Liburu bat edukiagaitik, eta ez azalagaitik, epaitu behar omen da. Hala ere, azal eder bat izateak asko laguntzen du hautaketa prozesuan, eta aurtongo bi argitalpenek izugarri laguntzen dute begirada liburura desbideratzeko orduan. Lea Orbe izan da gazteen liburuxkaren azal egilea, eta Zaloa Insunza arduratu da bigarren liburuko argitalpenaren azalaz.