Harrotze Asteagaz bat egin dute bermeotarrek
Euskaraz bizitzeko, justizia administrazio euskalduna behingoz! aldarrikapena zabaldu dute Bermeon, Euskal Herrian Euskarazek deitutako Harrotze Astearen barruan. “Kabidxe Gune Sozialean bat egiten dugu EHE kolektiboak aurkeztutako Harrotze Astearekin eta hainbat dinamika jarri ditugu martxan ekintza aurrera eramateko”.
Euskal Herriko kaleak euskararen aldeko mezuz betetzeko helburuz, apirilaren 22tik 28ra izan da Harrotze Astea, eta Euskal Herriko hainbat eta hainbat udalerritan egin dituzte ekintzak, euskaragaz lotutako esparru desberdinetako aldarrikapenekin, eskariekin eta salaketekin. Sare sozialetan ere nabaritu da kanpaina, #EuskarazTaHarro traolaren bidez. Bermeon, aktibatze tailerraren bidez, Solluberako saihesbideko biribilgunearen parean horma-irudia margotu zuten zapatuan [apirilak 27]. Kabidxe Kultur Etxean eta Euskaltegian salaketarako kartel eta pegatinak ere utzi zituzten, gura zuenak horiek hartu eta herriko kaleetan jartzeko aukera izan zezan.
Horrez gain, udalerriko ikastetxeetako eta institutuko ikasleek pankartak egin zituzten, Euskaraz bizitzeko, ez gara losatik bajatuko! lelopean.
Kontzientzia piztu. Euskararen aldeko borrokei ikusgarritasuna ematea izan da ekimenaren helburua, eta euskaltzaleengan borrokarako “motibazioa eta ilusioa” berreskuratzea bilatu dute, baita herritarrei kontzientzia piztea, politizatzea eta mezu politikoei hedapena ematea ere.
Martxoan Astran aurkeztu zuten kanpaina, eta bertan Ibon Leibar elkarteko kideak azaldu bezala, Harrotze Asteak herrietan, lantokietan zein ikasguneetan egun martxan dauden borroka konkretuak ikusarazteko eta bultzada berri bat emateko aukera ematen du, baita “gure inguruan euskaraz bizitzeko ditugun mugak antzeman eta horiek gainditzeko borroka berriak abian jartzeko ere”.